Eusko Jaurlaritzak zuzeneko dirulaguntza eman du ‘Lehen Urratsa’ proiektua finantzatzeko

0
PRUEBA

Krisi honen gizarte-inpaktuetako bat erakundeek antzeman duten eta haien arreta jaso duen pertsona-kopuruaren gorakada izan da, dela konfinamenduaren ondorioz aterpeak birgaitzean kasuak antzemateko gaitasuna areagotu delako (kontaketetan antzematen ez ziren, baina kalean zeuden pertsonak), dela, beren diru-sarrerak galdu dituztelako edo turismo-ostatuak itxi direlako, zeukaten ostatua galtzean (alokairuko etxebizitza, logela, pentsioa, hotela…) egoera horretan dagoen pertsona-kopurua areagotu delako.

Lehen Urratsa programa Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren esklusio-batzordeak eta krisialdiaren hasieratik garatu diren ekimenak aurkeztu dituzten erakundeek identifikatu dituzten beharrak eta zenbait proposamen aztertu ondoren diseinatu da, eta Eusko Jaurlaritzako beste sail edo erakunde batzuekin egiaztatuta.

Horrela, Lehen Urratsa programaren helburua da laguntza-intentsitate baxua duten ostatu-aukeretarako bide ematea, 2020ko abenduaren 31ra arte, alarma-egoeran eta konfinamenduan administrazio publikoek gaitutako aterpeetan aurretik hartutako pertsonei, COVID-19ak eragindako osasun-krisiak hiru lurralde historikoetako hiriburuetan eragindako gizarte-larrialdiko egoerari erantzuteko.

Konfinamendu-egoerak berak aukera eman du aurretik erakundeekin harremanik ez zuen hainbat pertsonarengana hurbiltzeko eta haien profilak antolatzeko. Horrek guztiak aukera paregabea dakar beren egoera ezagutzeko, beren beharrak identifikatzeko, arreta dibertsifikatzeko eta profil bakoitzarentzat egokienak diren gizarte-integrazioko ibilbideak antolatzeko, konfinamendua utzi aurretik, eta, hala, pertsona horientzako arreta ahalik eta gehien hobetzeko.

Lehen Urratsaren bidez, honako profil hauei emango zaie arreta: bazterketa-egoera larrian dauden eta kalean bizitzen ibilbide luzea duten gizon etxegabeak; bazterketa-egoera larrian dauden emakume etxegabeak (baliabide bereziak behar dituzte); kasu batzuetan martxoaren aurretik ikasketak egiten ari ziren eta beren integrazio-ibilbidea eten behar izan duten bidaiderik gabeko gazte migratzaileak (haietako batzuk bere sasoian babes-sareko egresatuak); adikzioak dituzten eta, sarritan, osasun mentaleko arazo erantsiak dituzten gazte etxegabeak (hogeita hamar urte artekoak eta gehiagokoak).

Programa irizpide komun batzuetan oinarrituta garatzen da; beraz, programan sartutako pertsona guztiek ostaturako, mantenurako eta gizarte-laguntzarako prestazioak jaso ahalko dituzte, dagokien baliabide-tipologia gorabehera.

Gainera, programaren barruan, gazteentzako baliabideek aisia- eta prestakuntza-jarduerak jasoko dituzte udako hiletan, astialdia egoki erabiltzen dela sustatzeko, bai eta erkidegoarekiko eta gizarte-integrazioarekiko erlazio-jarduerak ere.

Aipatu den baliabide-tipologia bikoitza aintzat hartuta, jarraitutasun handiagoa ematen duten edo beste prestazio batzuk jaso dituzten (esaterako, lan-orientaziokoak, prestakuntza okupazionalekoak…) gizarteratzeko prozesuak egiteko aukera ematen dutenek lagundutako finantzatzea izan beharko dute.

Erakunde horiek guztiak euskal administrazio publikoekin elkarlanean arreta jaso duten kolektiboekin ari dira lanean.

Proiektu honen finantzaketarako interes publikoko arrazoien oinarria da bereziki kalteberak diren eta bazterketa-arriskuan dauden biztanleen sektore batek behar duen laguntza; izan ere, egungoa bezalako egoeran, normalean ematen den laguntza baino handiagoa behar du.

Zuzeneko dirulaguntza hori Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak kudeatuko du; organo horrek hura emateko helburuak betetzen diren ikuskatuko du.

Zuzeneko dirulaguntza 2.555.980,00.-eurokoa da, eta honela banatuko da, erakundeen arabera: Gurutze Gorria, 226.040,00 euro; Peñascal, S. Coop., 641.145,00 euro; Ignacio Ellacuría fundazio soziala., 232.038,00 euro; Caritas Diocesana de Bilbao., 264.445,00 euro; Bizitegi elkartea, 433.954,00 euro; Zabalduz, S. Coop., 206.758,00 euro; Arrats elkartea, 268.800,00 euro; Cáritas Diocesana de Donostia., 282.800,00 euro.