LANBIDEK 6 milioi euro bideratu ditu enplegu-zentro berezietako eta laneratzeko enpresetako lanpostuak mantentzera

0

Beatriz Artolazabal Eusko Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Gobernu Kontseiluari, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren akordioaren berri eman dio; haren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoeraren adierazpenaren ondorioz jarduerak eten edo murriztu behar izan dituzten laneratzeko enpresentzako eta enplegu-zentro berezietako aparteko laguntzen deialdia onetsi da. Lanbidek 6 milioi euro bideratuko ditu horretara.

Hala, alarma-egoeraren adierazpenaren eraginpean dauden laneratzeko enpresentzako eta enplegu-zentro berezietako aparteko laguntzak onetsi dira. Laguntza horien helburua da, ahal den neurrian, desgaitasuna duten pertsonek eta/edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonek betetzen dituzten postuak mantentzen laguntzea, eta, hala, erakunde horiek beren jarduera behin betiko etetera bultzatuta sentitzeko aukera murriztea; izan ere, jarduerak erabat edo zati batean etenez gero edo jarduera murriztuz gero, erakunde horietako askok, beharbada, ezingo dituzte beren lanpostu guztiak mantendu.

“Neurri horren bidez, enplegu-zentro bereziek eta laneratzeko enpresek Euskadin dituzten inklusio-kota altuei eusten laguntzen dute Lanbidek eta Eusko Jaurlaritzak”, esan du Artolazabalek. “Erakunde horiek zenbait kolektiboren diskriminazio positiboa egiten dute. Desgaitasuna duten pertsonak edo bazterketa-arriskuan daudenak dira; kolektibo erabat kalteberak”.

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila etengabe ari da honako elkarte hauekin elkarlanean: EHLABE (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea), desgaitasuna duten pertsonen gizarte- eta lan-inklusioa sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeen euskal elkartea; Gizatea, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea, eta Berezilan, Enplegu Zentro Berezien Enpresa Elkartea. Hori dela eta, Artolazabal sailburuak geldialdi ekonomikoak enplegu-zentro berezietan eta laneratzeko enpresetan eragin ditzakeen ondorioen gaineko “kezka” adierazi du, “zentro eta enpresa horiek funtsezkoak baitira desgaitasuna duten pertsonen eta gizarte-bazterketa egoeran daudenen inklusioa bermatzeko”.