Arriaga Antzokiak Cruz de Navajas emango du uda honetan

0

Bilboko Arriaga Antzokiak musika ikuskizun handia eskainiko die uda honetan ikus-entzuleei. Cruz de Navajas izango da, Mecano taldearen musika omentzen eta aintzatesten duen eta abuztuaren 20tik irailaren 13ra Arriagako karteldegia hartuko duen show-a.

#BilbaoUda2020 udal egitasmoaren barruan kokatzen da ekoizpen lan handi honen programazioa. Honela, Arriaga Antzokiak duela hainbat urtetik hartutako tradizioari eusten dio. Izan ere, Bilboko Aste Nagusiaren egunekin bat etorriz, musika ikuskizun handiak eskaintzen dizkie ikus-entzuleei. Egia da aurten Bilboko jaiak ez ditugula beti bezala biziko eta, Arriaga Antzokia ere jasaten ari garen errealitatera egokituko dela, jakina.

Horrela, ikus-entzuleek maskararekin joan beharko dute eta une bakoitzean ezartzen diren higiene eta segurtasun neurriak beteko dituzte. Gainera, Cruz de Navajas estreinatuko den abuztuaren 20tik aurrera, Arriaga Antzokiaren edukiera ahalmen osoaren %60koa izango da, indarrean dagoen araudiak ezartzen duena betez.

Cruz de Navajas Mecanoren musika duen ikuskizun handia da. Taldearen jarraitzaileek eta ikus-entzule guztiek, Arriagan gozatu ahal izan ditugun Mecano taldeari buruzko beste proposamen eszeniko batzuk gogoratuko dituzte. Cruz de Navajas horiek bezain ikusgarria da, baina planteamendua desberdina du. Dena neurri handian pentsatuta eta diseinatuta dago, xehetasun txikienak ere zainduz, Mecanoren onena inoiz ikusi ez den bezala eskaintzeko, azken teknologia eta interpreteen talentu eta sentsibilitate handia uztartuz. Konbinazio horren ondorioz, musika moldaketa bakoitzarekin, ikuskizunean agertzen diren Mecanoren funtsezko 35 abestiak indartzen dira.

Elementuei dagokienez, ikuskizunak makineria eta giza baliabide handiak ditu, eszenatokiaren atzean eta gainean, gauero show onena eszenaratu ahal izateko.