Bihar ekingo dio berriro Bilbok autobus turistikoaren zerbitzuari

0

Bihartik aurrera berriro izango dugu autobus turistikoa Bilbon. Autobusek bertan behera utzi behar izan zuten euren jarduna alarma egoeran, eta orain urian zehar ibiliko dira berriro, leku berezi eta esanguratsuenak erakusteko. Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak, gainera, autobus berri bi jarri ditu zerbitzu honetan; ibilgailu berriak eta hibridoak dira, zerbitzua irisgarriagoa, jasangarriago eta modernoagoa izan dadin.

‘Bilbao City Tour’ek 55 minutuko bidaia interaktiboa egiten du. Ibilbidea Guggenheim Museoan hasten da eta uriko hamaika puntu hauetatik pasatzen da: Guggenheim Museoa, San Mames, Itsas Museoa eta Euskalduna Jauregia, Arte Ederren Museoa, Azkuna Zentroa, Kale Nagusia, 7, Arriaga Antzokia, Erriberako Merkatua, Udaletxea, Zubizuri eta Artxandako Funikularra eta Deustuko Unibertsitatea. Paperean barik, ibilbidearen planoa QR kode baten bidez ematen da.

Uztailetik irailera, bisitarik gehieneko aldia denez gero, ordu erditik ordu erdira aterako da autobusa, 10:30ean hasi eta 19:30era bitartean. Urteko gainerako hilak behe-denboralditzat joko dira. Behe-denboraldian, zerbitzua 10:30etik 19:30era emango da, ordutik ordura.

Txartelaren prezioa 15 eurokoa izanen da helduentzat eta 7 eurokoa 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eta 6 urtetik beherakoentzat. Autobus turistikoa uria modu eroso eta eskuragarrian ezagutzeko aukera ezin hobea izan dadin, txartelak 24 orduko balioa izango du lehen aldiz erabiltzen edo balidatzen denetik. Tiketak autobusean bertan eta baimendutako salmenta-puntuetan eros daitezke. Internet bidez ere eros daitezke, zerbitzuaren webgunean: bilbaocityview.es.

Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak ibilgailu horiek egokitu ditu bidaiarientzako eta gidarientzako osasun- eta segurtasun-protokoloak betetzen direla bermatzeko. Izan ere, autobus turistikoak AENOR (Asociación Española de Normalización y Certificación) ziurtagiria du Covid-19aren aurkako kudeaketa-protokoloetan.

Horrela, egiaztatuta geratu da udal-zerbitzua protokolo egokiak aplikatzen ari dela Covid-19aren aurrean, eta bere zerbitzuak ahalik eta higiene eta osasun berme handienekin egiten direla. Bilbobus udal-zerbitzuan bezala, erabiltzaileen eta gidarien artean kristalezko manparak instalatu dira.