Euskara maila urria duten haurrentzat online bidezko mintzapraktika saioak

0

Uda honetan Donostiako Euskara Zerbitzuark online bidezko mintzapraktika saioak antolatu ditu. Saio hauek euskara maila urria duten Katalin Erauso ikastetxeko haurrentzat izango dira. Izan ere, aurtengo pandemiak eragindako itxialdiaren ondorioz, familia erdalduneko haur asko euskara erabili gabe denbora asko daramate, eskoletan ikasi eta erabiltzen baitute gehienbat.

Lehen hezkuntzako (6-12 urte) ikasleentzat egindako eskaintza honetan, hiruzpalau haurrez osatutako hamar talde eratu dira. Talde bakoitzak astean ordu erdiko bi saio egingo ditu euskaraz eta elkarrizketa saio horiek hezitzaile batek gidatuko ditu. Esperientzia pilotu honetan eskarmentu handiko hezitzaileak kontratatu dira eta prestakuntza berezitua jaso dute mintzapraktika saioak eraginkorrak izan daitezen.

Jon Insausti Euskarako zinegotziak azaldu duenez “neguan zehar Haurrak Beti Jolasean egitasmoan aritu diren hainbat begirale aukeratu ditugu honetarako. Hezitzaile horiek euskaraz hitz egiteko ohitura sustatzen aritzen dira, eskola orduz kanpo urtean zehar, eta egokiak dira esperientzia berri honetarako”.