Azaroaren 20tik abenduaren 4era Euskaraldiaren bigarren edizioa antolatuko da. Hamabost egun horietan, norbanakoek ez ezik entitateek ere parte hartzea lortu nahi da, hizkuntza praktika berriak bultzatzen jarraitzeko neurriak hartuz.
Bigarren edizioaren berrikuntza entitateetan datza, beraien barruan ariguneak identifikatu eta sortzea eskatuko baitzaie. Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira, entitate baten barruan dagoeneko eratuta dauden hiztun taldeak edo espazioak. Arigune bat sortu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bertako kide guztiek euskara ulertzea eta gehien-gehienak ariketa egiteko prest egotea. Arigune horiek, beraz, kideen adostasunez osatzen dira eta bertan parte hartuko dute ahobizi edo belarriprestek.
Donostian 48 entitatek eman dute izena Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko. Entitate horiek guztiek ariguneren bat behintzat sortu dute hizkuntza ohiturak aldatu eta finkatzeko helburuarekin.