Eusko Jaurlaritzak koronabirustik errekuperatzeko agendak baldintzatutako Eskualdeetako Lantalde batean hartzen du parte

0

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza egun hauetan Europako Parlamentuan egiten ari den Eskualdeetako Europako Batzordearen bileretan —kide batzuk bertan daude eta gainerakoak online— ari da parte hartzen.

Oraingoan, COVID-19ak eragin dituen arazo ekonomiko eta sanitarioekin eta pandemiari Europar Batasunak eman dion erantzunarekin lotutako hainbat gai eztabaidatzea aurreikusi da.  Hala, Krisiaren Kudeaketaren komisario Janez Lenarčič-ek krisia kudatzeko EBak hartu dituen hainbat neurri aztertuko ditu; Demokraziaren eta Demografiaren arduraduna den Batzordeko lehendakariorde Dubravka Šuica-k aldaketa demografikoaren inpaktua aztertuko du; Aurrekontuen komisario Johannes Hahn-ek EBaren epe luzeko aurrekontu berriari eta errekuperazio-planari buruz eztabaidatuko du; eta Barne Merkatuko komisario Thierry Breton-ek errekuperazioaren alderdi ekonomikoei buruzko galderak erantzungo ditu.

Eskualdeetako Batzordeak, guztira, 8 Irizpen eta 3 Ebazpen-proiektu eztabaidatu eta elektronikoki bozkatuko ditu. Horien inguruan Euskadik 13 zuzenketa aurkeztu ditu.

«Munduko basoak babesteko eta leheneratzeko EBaren jarduketa areagotzeari» buruzko irizpen-proiektuaren inguruan, Eusko Jaurlaritzak baso-bioekonomia sustatzea defendatzen du eta esku-hartzea baso helduetara zabaltzea proposatzen du.

2021-2027 eperako aztertutako hainbat urtetarako finantza-esparruari buruzko ebazpen-proiektuari eta Europa Iraunkor baterako inbertsio-planari dagokienez, orokorrean, Europako lurraldeen arteko lankidetzak eta, bereziki, eskualdeen arteko inbertsioen tresna berriak duten garrantzia gogoratu du Euskadik.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak egindako zuzenketen bidez, hirigintza-planak Batasuneko Erakundeei jakinarazteko beharrari dagokionez, EBaren Justizia Auzitegiaren epai baten ondorioak perspektiban jartzea proposatzen da.

Azkenik, «hidrogeno garbi baterako ibilbide-orri bati» buruzko ebazpen-proiektuari dagokionez, hazkuntza iraunkorrean gizarte- eta ingurumen-mailan duen garrantziari erreferentzia egitea proposatzen du Eusko Jaurlaritzak.