Kobetamendiko autokarabanen aparkalekua martxan da

0

Bilboko Udalak berriro ireki ditu Kobetamendiko autokarabanen aparkalekua. Bilboko erdigunetik 15 minutura dagoen eremuak 72 plaza ditu gehienez, eta ahal den neurrian ibilgailuen artean lekurik handiena mantenduz esleituko dira.

Era berean, hala langileen nola erabiltzaileen osasun-segurtasuna zaintzeko, Kobetamendiko autokarabanentzako aparkalekuak Kontingentzia-protokolo bat du COVID-19ari aurre egiteko eta hainbat osasun-neurri ezarri ditu bisitariak iristen direnetik esparrutik irten arte.

Horrela, gel hidroalkoholikoaren erabilera bermatuko da espazio komun guztietan, seinaleztapenaren bidez pertsonen arteko gutxieneko distantzia ziurtatuko da eta egunero terraza-eremua fumigatuko da, eta komunak eta bainuen esparruak egunean gutxienez sei aldiz desinfektatuko dira. Erabiltzaileak irten ondoren, lursailak desinfektatzeko zerbitzua indartuko da, argi eta ur hartuneei arreta berezia jarriz.

Gainera, lehentasuna emango zaio Kobetamendiko autokarabanen aparkalekuko erabiltzaileen eta langileen arteko telefono bidezko harremanari, eta hiriko informazio turistikoa banaka bananduko da, liburuxken manipulazioa saihesteko.

Aurreko denboraldietan bezala, karabanak gehienez 48 orduz egon ahal izango dira aparkatuta eta eguneko 15 euroko tarifa ordaindu beharko dute ibilgailu bakoitzeko. Turismo-modalitate hau erabiltzaileek gehien eskatzen dutenetako bat da, segurtasuna eta aire zabaleko espazioak konbinatzen baititu.