Bermeoko portuan bainurako guneak ezarri dira

0

Datozen hiru urteetan, udako denboraldian Bermeoko portuan bainua hartzeko baimenduko diren guneak finkatu ditu Eusko Jaurlaritzak.

Bermeoko Udalak bainua hartzeko portuko guneak edo esparruak mugatzeko eskatu zuen. Hortaz, Jaurlaritzak honako gune hauek ezarri ditu:

  • Lehorreko azalera: 600 m2, Martillo kaian.
  • Ur-lamina: 2.377 m2, Martillo kaiaren aldameneko gunean.

Bainurako gune horien kudeaketa eta kontrola Bermeoko Udalaren esku geratuko da. Bertan, edukierari, neurri sanitarioei, jendearen arteko distantziari edo portuko zona dela kontuan hartuz horrek dituen arriskuez ohartarazteko informazioa emango duten seinaleak ezarri beharko ditu Udalak.

Erabiltzaileei uraren kalitateari eta ordutegiei buruzko informazioa emango die, eta uretan xaboia edo produktu kimikoak erabiltzea edo bertara isurtzea debekatua dagoela ere jakinaraziko die. Bainua hartzea baimenduta egongo den lekuetan kortxo-ilara bat ipiniko da gunea mugatzeko. Hala, ontziek, tarteka, kaiaren ondoan dagoen pantalana erabili ahal izango dute.

Gainera, Bermeoko Udalak bere gain hartuko du gune horren kudeaketa, kontrola eta erantzukizuna, bertako segurtasuna, garbiketa, higiene-neurriak eta neurri sanitarioak eta abar bermatzeko behar den pertsonala ezarriz.  Bertan gertatzen diren gorabeherak Bermeoko Udaltzaingoak ebatziko dituela aipatu behar da.