600 pertsona inguruk dute hitzordua Ordizian eta Beasainen gaur PCR bat egiteko

0

Orain arte, 500 pertsona baino gehiago deitu dituzte Ordiziako osasun zentrora eta 75 Beasainen, PCR proba bat egiteko. Osakidetzaren kalkuluen arabera, gaur bertan 750 proba baino gehiago egin ahal izango zaizkie aztertutako eremuan ibili diren pertsonei.

Osasun Sailak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, herri horretako ostalaritza-gune batean egon litekeen foku baten aurrean neurri berriak hartu behar ote diren jakiteko prebentziozko deialdiari emandako laguntzagatik.

Osakidetzak hainbat karpa jarri ditu Ordiziako osasun-zentroan, eta gaur goizean goizetik PCR probak egiten ari zaizkie hitzordua eskatu duten pertsonei. Karpa hori martxan egongo da beharrezkotzat jotzen den bitartean. 10 erizain inguru arduratzen dira laginak hartzeaz eta desinfektatzeaz; horri esker, batez beste bost PCR proba egin daitezke minutuko.

Gogorarazi behar da Osasun Sailak lotura epidemiologiko posible bat identifikatu duela PCR positiboa duten zenbait pertsonaren artean, eta hura Ordizia udalerriko ostalaritza-gune batean lokalizatuta egon litekeela, zehazki, Etxezarreta kalean.

Hori dela eta, ekainaren 27tik gune horretan egon diren pertsona guztiei eskatzen diegu Ordiziako osasun-zentroarekin harremanetan jartzeko, 943 007 635 telefono-zenbakiaren bidez. Telefono horretan, aurretiko hitzordua emango zaie, PCR proba egiteko. Beste udalerri batekoak izan eta ekainaren 27tik aurrera gune horretan egon direnek ere Osasun Kontseiluaren telefono-zenbakira deitu behar dute, 900 20 30 50 zenbakira.