The Best of BIND 4.0: Virtual Demo Day lehen ekitaldi birtuala

0

4.0 industria sustatzeko BIND 4.0 azeleragailuan startup teknologikoak bilatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako nazioarteko erreferentziako enpresen kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta une honetan jada 57 dira. Industria adimenduneko berrikuntza-plataforma ireki horrek, gaur, The Best of BIND 4.0: Virtual Demo Day lehen ekitaldi birtuala egin du, bertako 38 startup berritzaileek garatutako azken proiektu teknologikoak aurkezteko eta bosgarren deialdia zabaltzeko. Deialdi horren bidez hautagaiak hartuko ditu, irailaren 11ra arte. Hain zuzen ere, Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak ireki du aurtengo edizioa.

Gaurko jardunaldian hainbat enpresatako —Coca-Cola European Partners, Mercedes-Benz eta Unilever— ordezkariak izan dira, eta Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Agenda Digitaleko zuzendari Aitor Urzelaik hartu du parte bertan. Halaber, bertan ere izan dira ekintzailetzan adituak, adibidez,  Martin Varsavsky.  SPRI Taldearen bidez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sortutako BIND 4.0 azeleragailuak mundu osoko startup-en artean proiektu teknologiko onenak bilatzen ditu, helburu bikoitzarekin. Alde batetik, enpresa nagusiek berrikuntza azeleratzeko aukera izan dezaten eta euren lehiakortasuna susta eta hobetu dezaten startup-ekin batera jardunez, berrikuntza-iturri arin eta efikaz gisa. Eta, bestetik, nazioartean erreferentzia diren enpresa nagusien eskutik eta euskal industria-ekosistemarako zuzeneko sarbidearen bidez, startup-ak merkatura azkarrago heltzea.

Horregatik, aurtengo deialdiaren berrikuntza nagusietako bat da proiektuan gero eta konpainia gehiago ari direla parte hartzen. BIND 4.0k jada Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako nazioarteko erreferentzia diren 57 enpresa garrantzitsu ditu. Enpresa horiek, jasotako hautagaitza guztien artean, proiektu onenak aukeratzeko ardura izango dute. Aurten, jada programan parte hartzen ari ziren enpresei —besteak beste, Ferrovial, EDP, Sarralle, Arcelor, ABB, Iberdrola, Michelin, Quirónsalud edo Siemens Gamesa— honako hauek gehitu zaizkie: Enagás, Erhardt, GH Cranes & Components, Ingeteam, Tubos Reunidos eta Vidrala.

Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Agenda Digitaleko zuzendari Aitor Urzelairen iritziz: “Bizi behar izan ditugun une zail hauetan egiaztatu dugu, alde batetik, gure ekonomian teknologian eta berrikuntzan inbertitzeak eta eraldaketa digitalak duten garrantzia eta, bestetik, hazkundea sustatzeko eragile publikoen eta pribatuen artean elkarrekin jarduteko dagoen beharra.  Gure ekonomia eta gure gizartea hazteko eta hobetzeko, beti BIND 4.0ren euskarri izan diren bi oinarri. Horregatik da hain garrantzitsua BIND 4.0ren bosgarren deialdi hau zabaltzea; izan ere, garrantzi berezia duten sektoretan —elikadura, osasuna, energia edo fabrikazioa— berrikuntza irekiaren, startup-en eta talentu berriaren alde, ekimen hau osatzen dugun guztion etengabeko apustua adierazten du horrek».

Adimen Artifiziala eta Big Data normaltasun berrian

Aurten, BIND 4.0k oso kontuan edukiko du COVID-19aren krisi sanitarioaren eraginez egun bizitzen ari garen egoera, deialdiaren alderdi guztietan, bai programaren antolakuntzan bai hautagaitzetan. Aurtengo edizioan, trakzio-enpresek teknologia berritzaileak dituzten startup-ak lehenesten eta kontratatzen jarraituko dute, haien digitalizazioarekin aurrera egiteko eta normaltasun berriaren erronkei aurre egiteko.

Horregatik, lan-ingurune berrietan sortutako beharrei aurre egiteko proiektuak planteatuko dituzten soluzio teknologikoek ere beren lekua izango dute. Hala, adibidez, urrutitik makinerian gorabeherak hautemateko eta konpontzeko aplikazioak, telelanean taldeak planifikatzea eta antolatzea, krisi-egoeretan instalazioen eta fabriken hornikuntza-katea etenik gabe kudeatzeko soluzioak, urrutitik lana, komunikazioa eta informazioa eskuratzeko ziurtatzea, eta erakundeetan COVID 19 kasuak goiz hautematea, besteak beste. Era berean, BIND 4.0 azelerazio-programaren antolakuntza eredu misto baten bidez egingo da. Jarduera batzuk online eta beste batzuk presentzialak izango dira.

Aurreko edizioan jasotako 577tik gorako hautagaitzen artean —hirugarren deialdiko datuekin alderatuta % 10 gehiago—, aurkeztutako proiektuen % 60k, besteak beste, adimen artifiziala, Internet of Things eta Big Data teknologiak aplikatzen zituzten lau jarduera arlotan —fabrikazio aurreratua, osasuna, energia eta elikadura— prozesuak, zerbitzuak eta produktuak hobetzeko. Jasotako gainerako eskaeren artean ikuspegi artifizialeko teknologiak  azpimarratu behar dira, kalitate-kontrolak optimizatzeko aplikaziotan. Badira zibersegurtasuneko, nanoteknologiako eta robotikako beste soluzio berritzaile batzuk ere.

2019an aurkeztutako hautagaitzetatik 53 proiektu garatzeko mundu osoko 38 startup aukeratu zituzten, partner enpresekin batera. Haiek enpresen azelerazioan, ekintzailetzako, berrikuntzako eta teknologia berrien merkatuko estrategietan adituak ziren 40 aholkulari baino gehiagok gidatzen zituzten. Baina hori ez da guztia. BIND 4.0 programak Venture Club bat —inbertitzaile-elkarte bat— ere badu, azeleragailuaren espezializazioarekin lerrokatua. Elkarte horren helburua da babes-zerbitzuak indartzea, eta parte hartzen duten startup-en eta inbertsio-erakunde espezializatuen arteko harremana sustatzea, finantziazio-aukera berriak sortzeko.  Bosgarren edizio honetan, elkarte hori teknologian eta industrian espezializatutako 18 inbertsio-funtsek osatuko dute.

BIND 4.0k aukeratutako startup guztiek hainbat networking-jardueratan hartzen dute parte, enpresa-trakzioekin eta eragile publikoekin batera, startup-ak industria-ekosisteman —Europan proiekzio handiena duenetako bat— sartzen laguntzeko. Bestalde, BIND 4.0k startup-ei mundu-mailako profesionalek emandako mentoring zerbitzua eskaintzen die, baita industria esparruan arrakasta izateko behar diren trebetasunak eta gaitasunak garatzeko ere. Era berean, parte hartuz soilik, hainbat finantziazio-iturri eta laguntza ekonomiko eskura ditzakete, eta Euskadiko BICetan (Enpresa eta Berrikuntza Zentroak) lan-espazio batean doan sartzeko aukera dute.

Startup-en ia % 70ek kontratua izaten jarraitzen dute urtebete beranduago

BIND 4.0 industria adimenduneko berrikuntza irekiko plataformak, bere azelerazio-programaren bidez, guztira 108 startup azeleratu ditu eta 178 proiektu berritzaile garatu ditu Fabrikazio Aurreratuaren, Energia Adimendunaren, eta Osasunaren eta Elikaduraren Teknologiaren sektoreetan, egin dituzten lau deialdietan.  Eta, 2016an abian jarri zenetik, 1.700 hautagaitza baino gehiago jaso ditu. Kopuru horiek kontuan hartuz, Euskal Autonomia Erkidegoa munduko berrikuntza- eta ekintzailetza-zentro nagusien artean kokatzen da. Izan ere, programa amaitu ondoren, enpresa sortu berrien ia % 70ek lanean jarraitzen du trakzio-konpainiekin, eta 10 startup-etatik 6k haiekin duten kontratua berritzen dute.

Berrikuntza-plataforma ireki gisa, BIND 4.0ren helburua da startup berritzaileen, enpresa garrantzitsuen, eta ekintzailetzako eta 4.0 industriako adituen eta inbertitzaileen arteko topagunea izatea, industriaren eraldaketa digitala sustatzeko eta, aldi berean, ekimen berritzaileen sendotzea azkartzeko.   Eginkizun horretan ari da 2016az geroztik, SPRI Taldearen bidez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesarekin. Eusko Jaurlaritzako enpresa-garapeneko agentzia horrek Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetzaren ekosistema zuzentzen du bere UpEuskadi plataformaren bitartez.

Parte hartzeko baldintzak

Startup-ek irailaren 11ra arte eman ahal izango dute izena www.bind40.com programako webgunearen bitartez. Teknologia berritan oinarritutako industria, energia, osasun eta elikadurako sektoreetan aplikatzekoak diren produktuak eta zerbitzuak dituzten bost kontinenteetako startup-ak bilatzen ditu BIND 4.0k.  Haien soluzio teknologikoa jada merkatuan edo azken garapen-fasean egotea eta partner enpresei balioa eman ahal izatea ere eskatzen da.