Retail Euskal Eskola saritu dute Emilio Castelar sariek

0

Gizarte hobea eta justuagoa eraikitzen laguntzen duten pertsonen, erakundeen eta antolakundeen lan bikaina aitortzen duten Emilio Castelar sariak erabaki dira. Sarituen artean Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren azken proiektuetako bat dago: bideari aurten ekin dion Retail Euskal Eskola.

Epaimahaiak Ohorezko Aipamena eman nahi izan dio “Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Turismo eta Kontsumo Sailari, Sonia Pérez Ezquerra sailburuaren eta Isabel Muela López sailburuordearen bidez, Retail Euskal Eskolaren sustatzaileak izan diren aldetik. Ekimenaren helburua enpresari txikia eta ertaina sustatzea da, ekoizpena garatzeko erreminta berritzaileak eta baliagarriak erabiliz”.

Retail Euskal Eskola merkataritzari laguntza emateko eta merkataritza suspertzeko plataforma aitzindaria da, eta prestakuntza pertsonalizatua eta moldakorra eskaintzen du. COVID-19aren krisiaren ondorioz, inoiz baino argiago ikusi da prestakuntzak eta digitalizazioak duten garrantzia, egiaztatu baita gehien digitalizatutako merkataritza-establezimenduak direla krisiari ongien aurre egin diotenak.

Retail Euskal Eskolak ehunka eduki profesional, bideo, webinar, formakuntza-pilula, material eta aholkularitza-zerbitzu biltzen ditu dagoeneko, eta sektoreari krisitik irteten laguntzen dio, etorkizun urrunago batera begira espezializazioa bultzatzeaz gainera. Eskola multimedia bat da, malgua, pertsonalizatua eta moldakorra.

Eskolari Ohorezko Aipamena emateaz gainera, Emilio Castelar sariek pertsona ezagunak ere saritu dituzte: Fernando Simón doktorea, Rosa María Sardá aktorea, hil ostean, eta Ecoalf enpresa, besteak beste.