Kontsumoko Euskal Institutuak maskara higienikoak eta NBEak saltzen dituzten establezimenduak ikuskatuko ditu

0

Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Institutua bihar hasiko da ikuskapen-kanpaina egiten, eta hilaren 31ra arte luzatuko den kanpaina horrek maskara higienikoetan eta NBE maskaretan jarriko du arreta.

COVID-19aren krisiak eta beharrezkoa den babes higieniko sanitarioak izugarri areagotu du era horretako produktuen kontsumoa eta salmenta, eta kanpaina hau, beraz, ezinbestekoa da.

FFP1, FFP2 eta FFP3 maskarak Norbera Babesteko Ekipamendutzat hartzen dira, eta bai horien konposizioa bai horiek saltzen direnean kontsumitzaileari eman behar zaion informazioa Europako eta Estatuko arauek arautzen dituzte. Maskara higienikoak kontsumo-produktuak dira eta horiek ere etiketa-arauak bete behar dituzte, eta kontsumitzaileei kasu honetan ere dagokien informazioa eman behar zaie.

Kontsumobideren ikuskapenak presentzialak nahiz agirienak izango dira. Azpimarratu behar da kanpaina zigortzailea izango dela eta, lortutako emaitzen arabera, produktua ibilgetu ere egin daitekeela. Ikuskapen-kanpainak produktuen etiketetan eta kontsumitzaileari eman behar zaion informazioan jarriko du arreta.