ABEEE baxuenak osatzeko laguntzak eskatzeko inprimakia online bete beharko da

0

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak aparteko laguntzen deialdia onetsi du gaur, COVID-19aren ondoriozko aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baxuenak dituzten langileentzat, patronalak, sindikatuek eta Gobernuak Gizarte Elkarrizketarako Mahaiaren Enplegu Taldean adostu zuten bezala. Deialdi horrek laguntza horietara jotzeko bete behar diren baldintzak arautu eta haiek eskatzeko mekanismoa ezartzen du.

Zehazki, Lanbideren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) inprimaki erraza gaituko da, online, eta hori izango da bide bakarra eskabidea egiteko; inprimakia telematikoki bete ahalko da eta ez da identifikazio elektronikorik sartu beharko eta, hala, edozein gailutik bete ahalko da. Erabaki denaren arabera, eskabideak aurkezteko epea deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta 2020ko urriaren 20an amaitu. Argitalpen hori uztaileko bigarren hamabostaldian egitea aurreikusten da.

Onuradunei dirulaguntza hilero ordainduko zaie, hura eman ondoren, baina, aurretik, ofizioz egiaztatuko ditu Euskal Enplegu Zerbitzuak aldi horretan eskatzaile bakoitzari aitortutako langabeziagatiko prestazioaren iraupena eta zenbatekoa.

Lanbidek 15,46 milioi euroko aurrekontua du deialdi horri aurre egiteko. Ekainaren amaieran, 37.000 pertsona inguru zeuden ABEEE egoeran eta betetzen zuten, a priori, laguntza horretara jotzeko eskakizun ekonomikoa.

Deialdia uztailean, abuztuan eta/edo irailean ABEEE egoeran dauden eta urtean 20.000 eurotik beherako kotizazio-oinarria duten pertsonei zuzentzen zaie. Zehazki, hilean 150 euroko langabeziagatiko prestaziorako osagarria sortu da % 50etik gorako lanaldia duten pertsonentzat, eta hilean 100 eurokoa, % 50etik beherako lanaldia dutenentzat.

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak honako hau esan du: “neurri hori Euskadiko Gizarte Elkarrizketarako Mahaian du jatorria; hark erabaki du, Urkullu Lehendakariak proposatuta, ABEEE egoeran egon eta kalteberenak diren pertsonak babestea. Hori dela eta, “normaltasuna pixkanaka berreskuratzeko fase horretan enplegua sendotzeko neurriekin batera, soldata baxuenak dituzten langileen langabeziagatiko prestaziorako osagarri hori sortzearen aldeko apustua egin da, zati batean errenten murrizketa arintzeko eta, ahal den neurrian, beren beharrei erantzuteko besteko bizitza-mailari eusten lagundu ahal izateko».

Laguntza horiek pasa den ekainaren 18an adostu zituzten Gizarte Elkarrizketarako Mahaiko Enplegu Taldeak, Eusko Jaurlaritzak, Langile Batzordeak eta Langileen Batasun Orokorrak sindikatuek eta Confebaskek. Eta, haien bidez, diru-sarrera txikienak dituzten eta ABEEE egoeran dauden langileen prestazioak osatu nahi dira, uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean.