Gazteentzako MartxUp! programarako proiektuak aurkezteko epea

0

Uztailaren 31 arte MartxUp! 2020 programan ideiak eta proiektuak aurkezteko epea ireki da. Donostiar gazteen ideiak landu eta horiek garatzen laguntzeko helburua du ekimenak; gazteak hiriko gizarte, kultura eta ekonomian era aktiboan ekitera bultzatzeko.

Parte hartzeko eskaera www.martxup.eus orrialdean aurkeztu behar da. Deialdian 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteek parte hartu ahal dute banaka nahiz taldeka. Dena den, proiektuak hautatuak izanez gero, bitik lau pertsona arteko taldetan landu beharko dira. Parte hartu ahal izateko, taldekideetako batek, gutxienez, donostiarra izan beharko du.

Proiektuen jarduera eremua askea da, betiere, genero, arraza eta bestelakoekiko baztertzailea ez bada. Aurkeztu ahal izango dira dauden fasean daudela: zirriborro, garapen edo inplementazioa. Hori bai, proiektuek bi ezaugarri bete beharko dituzte: hein handienean Donostian izango dute garapen eremua eta Donostia edo hiritarren onurarako zuzenduak izango dira.

MartxUp!-eko epaimahaiak proiektuen balorazioan kontuan hartzen dituen bestelako irizpideak dira bideragarritasuna, originaltasuna eta berrikuntza eta zehaztapen maila.