Jai Alai World Tour asteburu honetan abiatuko da Markina-Xemeinen

0

Jai Alai World Tour zesta-punta zirkuitua abiatuko da Markina-Xemeinen. Hortik aurrera, Jai Alai World Tourrek abendura arte luzatuko du bere aurtengo egutegia, primerako osagaiak batuz: gutxienez zazpi txapelketa izango dituen zirkuitu bat eta munduko zestalaririk onenek osatutako kartel bat. Une honetan, baieztatuta dago zirkuituan proba hauek egingo direla: Markina-Xemeingo Masterra, Lekeitioko Masterra, Hondarribiko Grand Slama, Gernikako Grand Slama, Donostiako Grand Slama, Bartzelonako Opena eta Berriatuko Banakakoa. Era berean, antolatzaileak lanean ari dira beste txapelketa batzuk baieztatzeko, tartean, Mutrikuko Opena eta Zumaiako Masterra, besteak beste.

Munduko Pilota Batzarrak antolatzen du Jai Alai World Tour zirkuitua, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, eta erakunde hauek gaur goizean aurkeztu dute aurtengo edizioa, Bilboko Ola Martin Berasategui jatetxean. Aurkezpenean parte hartu dute Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Fernando Azkarate Munduko Pilota Batzarreko presidenteak eta Mikel Egiguren Jai Aliveko arduradunak.

Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela Jai Alai World Tour aurten ere egin ahal izatea: “Une honetan, kirolaren eta pilotaren alde har dezakegun neurririk onena da normaltasuna pixkanaka berreskuratzea, betiere segurtasun-neurriekin zorrotz jokatuz. Jai Alai World Tour duela sei urte sortu zen zesta-punta sustatzeko bere sorlekuan, eta oso pozik gaude jasotzen ari den harrerarekin. Horregatik, garrantzizkoa zen aurten ere egin ahal izatea. Behin zirkuitua antolatuta, orain oso garrantzitsua da zaleak frontoietara etortzea eta, hala egiten dutenean, segurtasun-baldintzak errespetatzea”.

Zirkuitu honetako txapelketa bakoitzak bere Segurtasun Protokoloa izango du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioetan oinarritua eta antolakuntzan dabiltzan erakundeen artean adostua. Bertan, ekitaldia egiteko baldintzak zehaztuko dira: zaleen sartu-irtenak, edukiera, komunen erabilera, etab. Une honetan, zirkuituko lehen partiduak, hilabete honetan bertan egingo direnak, % 60ko edukieraz egingo dira, eta ikusleak musukoa eraman beharko dute.

Egungo baldintzek behartuta, une honetan zenbait txapelketa lotzeke daude oraindik ere. Edonola ere, gaurko aurkezpenean, jada baieztatuta dauden lehen zazpi proben zerrenda eman da ezagutzera, baita datak ere:

  • Markinako Masterra: uztailak 10, 16 eta 19.
  • Lekeitioko Masterra: irailak 4 eta 6.
  • Hondarribiko Grand Slama: irailak 18 eta 25, eta urriak 2, 9 eta 16.
  • Gernikako Grand Slama: urriak 10, 17, 24, 26 eta 31.
  • Donostiako Masterra: azaroa.
  • Bartzelonako Opena: azaroa.
  • Berriatuko Banakakoa: abendua.

Munduko Pilota Batzarreko presidenteak, Fernando Azkaratek, nabarmendu du zailtasunak zailtasun, maila handiko zirkuitua osatu dela. “Une honetan zazpi txapelketa baieztatuta ditugu, eta horiei, seguruena beste proba batzuk gehituko zaizkie, guztiak ere ohikoak zirkuituan. Horrekin batera, nabarmendu behar dugu munduko zestalaririk onenak izango ditugula gurean. Imanol Lopezek, Goikoetxeak, Aritz Erkiagak, Diego Beaskoetxeak, Xabier Barandikak, Lekerikak, Olharanek eta Zulaikak, besteak beste, dagoeneko berretsi egin dute etorriko direla. Maila handiko kartela izango dugu eta, zailtasunak zailtasun, baja gutxi izan ditugu”. Era berean, Azkaratek Kepa Arroitajauregi zenak egindako ekarpena oroitu eta eskertu nahi izan du bere interbentzioan.

Covid-19ak sortutako egoera dela eta, Jai Alai World Tourren antolakuntzak lehiaketa bakoitzaren atarian emango ditu ezagutzera proba bakoitzeko xehetasun guztiak. Markina-Xemeingo Masterraren kasuan, ostiralean, lehen finalerdian, Beaskoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Aldazabal izango dira aurrez aurre (atarikoan Barandika-Ibarluzea eta Goixerri-Manzi arituko dira). Bigarren finalerdia hilaren 16an izango da: Goikoetxea-Etcheto Lopez eta Ormaetxearen aurka.