Droga-trafikoan ari zen eta armak zilegi ez den moduan zituen talde kriminal bat desegin du Ertzaintzak Bizkaian eta Araban

0

Ertzainek hiru gizon atxilotu dituzte aste honetan Ugaon eta Amurrion, droga-trafikoan ari zen eta armak zilegi ez den moduan zituen talde kriminal bateko kide izatea leporatuta. Operatiboan 25 su-arma, laburrak eta luzeak, eta kokaina, speeda, haxixa eta marihuana atzeman dituzte. Atzemandako materialaren zati bat zulo moduan erabiltzen zuten auto batean zegoen, Amurrioko garaje komunitario baten barruan. Gainerako materiala Ugaoko etxebizitza batean aurkitu dute. Taldearen burua, 28 urtekoa, zigortua, erdi-askatasun egoeran zegoen.

Ikerketari joan den maiatzean ekin zion Bilboko Ertzain-etxeko drogaren aurkako taldeak aipatutako bi herri horietan, lapurretetan eta droga-trafikoan espezializatutako hainbat delitugileren arteko harremanaz susmatuta. Kasuari Ertzaintzako Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzua eta Inteligentziako Lurralde Bulegoa batu zitzaizkion gero.

Operatiboa aste honetan burutu da, eta asteazkenean atxilotu zuten inplikatu nagusia, 28 urtekoa, Amurrioko garaje komunitario batean aparkatuta zegoen ibilgailu batean ezkutatuta zituzten armak jasotzera joan zenean. Handik ordu batzuetara 38 urteko beste gizon bat atxilotu zuten Ugaoko bere etxean, eta bertan ere hainbat arma aurkitu zituzten. Hirugarren gizona, 45 urtekoa, atzo, osteguna, arrastatu zuten bertako industrialde batean. Garajeko atxiloketan Ertzaintzako Esku-hartze Unitateak esku hartu zuen, arrisku handiko operazioa baitzen su-armak zeudela egiaztatuta zutenez.

Ikerketan zehar agenteek gertutik zaindu zituzten susmagarriak, eta jarraipen estuari esker egiaztatu ahal izan zuten euren arteko harremana eta talde kriminal bat osatzen zutela. Atzemandako armen artean errifle militarrak, erasoko subfusilak, hainbat pistola eta errebolber bat zeuden. Guztira erabiltzeko moduan zeuden 25 arma ziren, laburrak eta luzeak, baita munizioa ere. Horrez gainera, 300 gramo kokaina, 1.800 gramo haxix, marihuana-kukuluak zituen poltsa bat, hiru doitasun-balantza eta 2.800 euro ere konfiskatu dituzte.

Taldea batez ere eskala txikiko droga-trafikoan aritzen zen aipatutako bi herrietan eta ingurukoetan, eta uste da urtebete inguru aritu dela jardunean. Agenteak armen erabilpena eta destinoa ikertzen ari dira, eta uste da batzuk beste delitu batzuetan erabili direla. Inplikatu nagusia, 28 urtekoa, taldearen burua dela uste dena, zigortuta, erdi-askatasun egoeran zegoen, eta 45 urteko atxilotuak su-arma erabiliz egindako bahiketa expres bat du bere aurrekarietan.

Taldeak Amurrioko garaje komunitario batean aparkatutako auto bat erabiltzen zuen zulo moduan, eta bertan gordetzen zituen drogak eta armak. Autoa hautsez estalita zegoen, eta horri esker jakin zezakaten arrastatuek kanpoko norbaitek manipulatu zuen.

Hiru atxilotuak eta atzemandako materiala datozen orduotan jarriko dituzte epailearen esku.