Ekonomia Zirkularreko lehen promozioaren balorazioa

0
PRUEBA

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak bultzatzen duten Industria Ekonomia Zirkularreko graduondoaren lehen promozioak bere ikasketa-programa amaitu du aste honetan, eta oso nota onarekin: graduondoa amaitu duten hamar ikasleek oso positibotzat jotzen dute programaren ikuspegi holistikoa, unibertsitateko irakasleen (%70) eta kanpoko irakasleen (%30) arteko oreka, eta eskola batzuk enpresetan bertan eman izana, horrek asko erraztu baitu mota desberdinetako ikasgaiak ikastea.

Gainera, graduondoa egin duten pertsonen lanbide-profilak askotarikoak izan direnez, ondoen baloratutako beste alderdi bat izan da guztiz berriak diren gaietan trebatzeko aukera, hala nola ekodiseinua ekonomialarientzat, edo bezero/kontsumoaren ikuspegia ingeniarientzat. Ikasleek, halaber, irakasleen gertutasuna eta jarrera azpimarratu dituzte, “Euskadiko ekonomia zirkularraren komunitatearen parte sentiarazi baititu”, esan dutenez.

Lehen edizio honetako ikasleen profil-tipoa ingeniaritzako edo ekonomiako ikasketak dituen eta 10 urtetik gorako lan-esperientzia duen emakume batena da, nahiz eta Enpresen Administrazioko eta Ingurumen Zientzietako arloetatik iritsitako profilak ere nabarmentzen diren. Zehazki, hiru lurralde historikoetako 8 emakumek eta 2 gizonek osatu dute lehen promozioa. Gehienak ez dira dedikazio osoko ikasleak izan; prestakuntza beren lanarekin edo enpresetako praktikekin konbinatu dute. Horiekin batera, taldean baziren zenbait gazte graduatu berri ere.

Arlo honetan unibertsitate ondoko prestakuntzaren eskaintza urria zela eta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta UPV/EHUk beren indarrak batzea erabaki zuten iaz, graduondo honen bidez ekonomia zirkularreko prestakuntza bultzatzeko, industria-enpresetara bideratutako ikuspegi argi batekin. Hala, ezaugarri horiek zituen lehenengo graduondoa izan zen Estatuan, eta hirugarrena Europan, Finlandiako eta Erresuma Batuko bi eskaintzarekin batera.