UPV/EHUk datorren ikasturtean gutxienez irakaskuntzaren % 75 aurrez aurrekoa izatea nahi du

0

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak “Irakaskuntza eta ikaskuntza planifikatzeko orientabideak” izeneko dokumentua onartu du, erakundeak 2020-2021 ikasturtean izango dituen jarraibideak ezartzen dituena. Orientabide horietan jasotakoaren arabera, euskal unibertsitate publikoak gutxienez irakaskuntzaren % 75 aurrez aurrekoa izatea nahi du, hau da, 4 irakasgaitik gutxienez 3 presentzialak izatea.

COVID-19ak eragindako pandemiak eragin izugarria izan du gizarteko arlo guztietan, baita akademikoan ere, eta unibertsitatean aldaketa handiak egin behar izan ditugu oso denbora epe laburrean. 2020-2021 ikasturteari begira, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaskuntza plangintzan egokitzapen jakin batzuk egin beharko dira aldaketa horien ondorioz. Gaur onartutako dokumentuan ezarritako orientabideen xedea da irakaskuntza presentzialari eustea, baina hura distantziamendu sozialera, edukiera mugatura eta neurri higieniko-sanitarioetara egokituta. Neurri horiek malguak izango dira, eta aldatu egin ahal izango dira, egoerak zer bilakaera duen kontuan hartuta. Edonola ere, dokumentuak oinarrizko bi premisa ditu abiapuntutzat: batetik, presentzialtasun handia mantentzea eta kalitatezko unibertsitate irakaskuntza eskaintzea, eta bestetik, ikasleen zein langileen osasunaren babesa bermatzea.

Orientabideek irakaskuntza presentzial egokituko eredu bat aurkezten dute; hau da, jarduera gehienbat presentziala konbinatzen da jarduera telematikoarekin eta ikasleen ikaskuntza autonomorako prestakuntza jarduera ez-presentzialekin.