Deban bi autok izan duten istripuan pertsona bat hil da eta lau larri zauritu dira

0

41 urteko gidari bat hil da bart gauean N-634 errepidean, Debako udal-barrutian, gertatu den zirkulazio-istripuan. Beste lau pertsona, 33 urtetik 43 urtera bitartekoak, zaurituta geratu dira, eta Donostiako eta Mendaroko ospitaleetara eraman dituzte.

Istripua bart gauean, 22:00etan, gertatu da N-634 errepidean, Debako udal-barrutian. Ertzaintza ikertzen ari den arrazoiren batengatik, MG auto batek eta Volkswagen Touran batek aurre-alboz egin dute talka, eta bi autoetako gidariak barruan harrapatuta geratu dira. Suhiltzaileen laguntza behar izan da biak ateratzeko.

Anbulantzia medikalizatu bateko osasun-langileek egiaztatu dute gidarietako baten heriotza, eta beste gidaria, eta monobolumenean zihoazen beste hiru bidaiariak, larri zaurituta geratu dira. Lauak Donostiako eta Mendaroko ospitaleetara eraman dituzte.

Istripuaren ondorioz, itxita geratu da N-634 errepidea 47,7 kilometro-puntuan, Debako udal-barrutian. Laguntza-lanak eta bidea garbitzeko lanak amaitzean ireki da berriz errepidea, hau da, gaur, astelehena, goizaldeko 01:45ean.