“Eraso sexistarik gabeko uda” kanpaina

0

“Eraso sexistarik gabeko uda” kanpaina ipini dute martxan, urtero Emakundek bultzatu, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak laguntzen duten gazteei zuzendutako kanpainaren barruan.

Aurreko urteetan jaietako eraso sexistak prebenitzeko kanpaina egin da, baina Covid-19aren pandemiak eragindako aurtengo egoera berezia ikusita, kanpaina ez da jaietan oinarritu baizik eta udan, orokorrean.

Eraso sexistak prebenitzea guztion kezka da: herritarrena eta erakundeena, bereziki tokiko eremuko erakundeentzat, hiritarrengandik gertuen daudelako. Horregatik, eta udan ere errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarduerak bultzatzeko helburuz, Beldur Barik programaren barruan zenbait material eskaini zaizkie EAEko udalei haien bidez herritarrak gai horrekin sentikortzera eta inplikatzera zuzendutakoak. Kartel bat eta eraso sexistak prebenitzeko gida bat dira materialak. Kartela gizarte guztiaren esku dago, deskargatzeko prest, Emakunderen webgunean. Honekin batera, kuña bat erabiliko da EITBko irratietan.

Udalei bidalitako material hauekin, indarkeriaren kontrako irudi bateratu bat bilatzeaz gain,  lortu nahi  da herrietan lan-prozesu ezberdinak sortzen joatea,  gazteekin,  aisialdi-giroetan eman daitekeen biolentzia sexuala antzemateko, prebenitzeko eta hari aurre egiteko banakako zein taldeko erantzunak garatzeko.

Kanpaina bultzatzen duten erakundeek jarrera aktiboa eskatzen dute emakumeak errespetatzen ez dituzten edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra,  errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrera. Eta gazteei espezifikoki baina hiritar guztiei deia egiten diete euren inplikazio eta jarrera aktiboarekin, udan jarrera sexistarik gabeko espazioak sortarazten laguntzeko.