Aurrekontu Parte-hartzaileen kanpainari uda ostean ekingo dio Barakaldok, eta biurtekoa – 2020-2021 – izango da berriro. 2017 urtean jarri zen martxan lehen aldiz hirian ekimena, eta berrikuntza handi batekin itzuli da: partida bat erreserbatu du, bereziki auzoak hobetzera bideratutako proiektuetarako.
Amaia del Campo Barakaldoko alkateak 2,2 milioi euroko proiektua aurkeztu du gaur goizean, 1,1 milioi euro urteko. «Covid-19aren krisia gorabehera, ekimen honen aldeko apustua egin nahi izan dugu, beti uste izan dugulako auzotarrak direla auzoetako beharrak ondoen ezagutzen dituztenak», azaldu du Del Campok. «Proiektu honek, hain zuzen ere, gure bizilagunen lehentasunak jasotzen ditu udal aurrekontuetan; garrantzitsutzat jotzen dituzten obra edo ekimenak», azpimarratu du alkateak.
Hain zuzen ere, auzoak dira Aurrekontu Parte-hartzaileotan ezberdintasuna adierazten dutenak. Izan ere, 2,2 milioiko partida globalean, 600.000 euro erreserbatuko dira barakaldarrek beren auzoetan egitea proposatzen duten zenbateko txikiagoko proiektuetarako. «Barakaldon lehen mailako auzorik eta bigarren mailako auzorik ez dagoela uste dugu. Neurri horri esker, biztanle gutxien dituzten auzoetan ekimenetarako laguntza mugiaraztea zailagoa denez batzuetan, aukera berberak izango dituzte Partaidetza Aurrekontuen barruan proiektuak bideratzeko. Izan ere, hiri proiektuak garrantzitsuak dira, baina gure auzokideek hainbeste eskatzen duten auzoetako ekintza txiki horiek ere dira garrantzitsuak», azaldu du alkateak.
Gainerako partida, 1,6 milioi eurokoa, herritarrek proposatzen dituzten proiektu orokorretarako erabiliko da.