Gertuko senitarteko baten gezurrezko bahiketa batengatik erreskatea eskatzeko egindako telefono-deiak hauteman dituzte azken egunotan Ertzaintzako Pertsonen aurkako Delituen Ataleko espezialistek. Ikerketari esker jakin ahal izan da, aurreko aldietan bezala, dei horietako batzuk atzerritik egin direla. Espezialistek gomendatzen dute lasai egoteko eta biktimaren benetako egoera ziurtatzen saiatzeko.
Azken aste honetan, Ertzaintzako Pertsonen aurkako Delituen Atalean estortsioa egiteko bahiketak ikertzen dituen talde espezializatuak hauteman du delitu horren hainbat kasu izan direla. Uztailaren 9an eta 10ean hamar bat telefono-dei hauteman dira senitarteko bat askatzeko erreskate bat ordaintzeko eskatuz.
Dei horiek telefono finkoen titularrei egiten dizkiete, eta berriemaileak jakitera ematen du deia jasotzen dutenen alaba bahituta dutela. Bahitua askatzeko diru-kopuru bat eskatzen dute, normalean 10.000 euro. Delitugileak familiak beldurtzen eta izutzen saiatzen dira, eta familiak, beraz, nahastu, larritu eta beldurtu egiten dira.
Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiak egindako ikerketari esker jakin ahal izan da era horretako hainbat dei Txileko telefono batetik egin dituztela. Ikertzaileek uste dute, beraz, lehenago ere gertatu zen bezala, beste estortsio-kanpaina baten aurrean gaudela.