Gaur onartu ditu gobernu Kontseiluak Euskadiri eskualdatutako eta Gernikako Estatutuan jasotako azken hiru transferentziak jasotzen dituzten hiru dekretuak: Kaleratze kolektiboko espedienteen eraginpean dauden langileentzako ohiko erretiroaren aurretiko laguntzak, produktu farmazeutikoei buruzko legeriaren betearazpena eta eskola-aseguruaren osasun-prestazioak. Hiru transferentzia horiek ekainaren 25ean bideokonferentzia bidez egindako Transferentzien Batzorde Mistoan adostu ziren. Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioaren arabera, hiru transferentziak 7,5 milioi euroan baloratu dituzte; haietatik, aurrerantzean, Euskadik Kupotik % 6,24 deskontatuko du, urtero.
Dekretuak bihar, asteazkena, sartuko dira indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren. Hiru dekretuak bihar argitaratuko dituzten BOEn ere, Ministroen Kontseuluak gaur onartu ostean.
EEE-REN ERAGINPEKO ERRETIROAREN AURRETIKO LAGUNTZAK
Akordioaren bidez, kaleratze kolektiboaren espedienteen eraginpean dauden langileei erretiro arruntaren aurretiko laguntzak kudeatzeko funtzio eta zerbitzuak eskualdatzen zaizkio Euskadiri. EEEren eraginpean geratzen direnentzako laguntzak dira: kausa ekonomikoetan, teknikoetan, antolamendukoetan eta ekoizpenekoetan oinarritzen diren lan-harremanen iraungipen-prozesu kolektiboak dira, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako kaleratze kolektiboaren espediente-prozesuen ondoriozkoak. Helburua da erretiroa hartzeko adinetik hurbil dauden langileei babes ekonomikoa ematea, gizarte- eta lan-arloan premiazkoak eta beharrezkoak diren egoerei erantzuteko; hala, arindu egin nahi dira jarduerak erabat edo zati batean etetea ekar dezaketen enpresen berregituraketa-prozesuen ondoriozko gizarte-ondorioak, edo enpleguari eusten lagundu nahi da (3/2014 Errege Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Enpresak berregituratzeko prozesuek eragiten dieten langileei Gizarte Segurantzaren sisteman ohiko erretiroa hartu aurreko laguntzak emateko arau bereziak ezartzen dituena).
Aurrerantzean, Euskadik kudeatuko ditu laguntza horiek, eta hark koordinatuko ditu datuak Espainiako Gobernuarekin, ezagutzako eta estatistikako ondorioetarako. Bi gobernuek transferentzia hau 4.451.051,97 euroan baloratu dute; haietatik, Euskadik Kupotik 6,24% deskontatuko du, urtero.
ESKOLA-ASEGURUA
Akordioaren bidez, eskola-aseguruaren osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako baliabideak eskualdatzen zaizkio Euskadiri. Aseguru hori derrigorrezkoa da ikasle guztientzat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrera edo Batxilergoko mailetan eta 28 urtera arte, gehienez. Helburua da haien babesa eta laguntza zaintzea ustekabeko eta aurreikusteko moduko egoeretan; istripuen eta gaixotasunen ondoriozko prestazioak aurreikusten dira. Akordioak dakarrenaren arabera, osasun-laguntzaren alderdia eskualdatzen da: medikoa eta farmazeutikoa.
Transferentzia horren finantzaketa dela eta, mistoa izango da. Alde batetik, bi gobernuek transferentzia hori 3.036.480 euroan baloratu dute; haietatik, Euskadik Kupotik % 6,24 deskontatuko du, urtero.
Baina, gainera, Espainiako Gobernuak ikasle bakoitzak ikasturtearen matrikularekin batera ordaintzen duen eskola-aseguruaren inguruan Euskadin egiten den bilketa osoaren % 96ko transferentzia egingo dio urtero Eusko Jaurlaritzari. Bi gobernuek uste dute zenbateko horren % 96 aseguruari lotuta doakion osasun-prestazioaren gastuaren zatiari dagokiona dela; hurrengo negoziazio baterako utzi dute bilketaren gainerako % 4a, zeina Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak kudeatzen jarraituko duen aseguru horren prestazio ekonomikoei lotuta baitoa.
PRODUKTU FARMAZEUTIKOAK
Akordioaren bidez, Euskadiri produktu farmazeutikoei buruzko legeria betearaztekofuntzio eta zerbitzuak eskualdatzen zaizkio. Horrela, aurrerantzean, Euskadik honako ardura hauek izango ditu:
- Jendearentzako osasun-produktuen publizitate-mezuak kontrolatzea.
- Osasun-profesionalei zuzendutako giza erabilerako medikamentuen publizitateari buruzko jakinarazpenak ebaluatu eta kontrolatzea, Euskadin egoitza soziala duten laborategi farmazeutikoek zabaltzeko unean.
- Giza erabilerarako medikamentuen zaintza farmakologikoko eginkizunetan elkarlanean jardutea, produktu farmazeutikoei buruzko legerian ezarritakoarekin bat etorriz, eta zaintza farmakologikoko jardunbide egokiak betetzen direla egiaztatzeko ikuskapenak egitea.
- Medikamentuen kalitate-kontroleko programak egitea.
- Produktu farmazeutikoen arloan duen zehapen-ahala gauzatzea, bere eskumenen eremuan.
- Ikuskapen-jarduketen ondoren aplikagarria den araudian aurreikusten diren kautela-neurriak hartzea.
- Laborategiko jardunbide egokien ikuskapenak egitea, segurtasuneko saiakuntza ez-klinikoen arloan, bai eta jardunbide kliniko egokiaren ikuskapenak egitea ere.
- Ikuskapenen bidez, printzipio aktiboen fabrikatzaileek, inportatzaileek eta banatzaileek beren jarduerak fabrikazio zuzeneko arauekin eta printzipio aktiboak banatzeko jardunbide egokiekin bat etorriz egiten dituztela egiaztatzea.
- Legeriak autonomia-erkidegoei produktu farmazeutikoen, kosmetikoen eta higiene pertsonalerako produktuen inguruan esleitzen dizkien beste funtzio betearazle batzuk.