Zaldibarko Recycling enpresaren zabortegian larrialdi-prozedura bidez egindako kontratazioen berri

0

Iñaki Arriolak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak, Gobernu Kontseiluari, apirilaren amaieratik uztailaren hasierara arte, Zaldibarko Recycling enpresaren zabortegian larrialdi-prozedura bidez egindako kontratazioen berri eman dio. Jakinarazpen horren bitartez, larrialdi baten ondorioz kontratazio zuzenak egiteko 2017ko Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 120. artikuluan ezarritakoa betetzen da.

Zabortegian gertatu zen lur-irristatzearen ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, modu subsidiarioan, bere gain hartu zituen premiazko lanen zuzendaritza, kontratazioa eta egikaritzea. Lan horien bidez, zabortegiaren egonkortasuna bermatuko zen, ingurunerako eta ingurumenerako arriskua murriztuko zen eta desagertuta dauden Alberto Sololuze eta Joaquín Beltrán langileen bilaketa modu seguruan egin ahal izango zen.

Apirilaren amaieratik uztailaren hasierara arte kontratatutako jarduketa guztien zenbatekoa 4.466.707 eurokoa (BEZ barne) izan da.  Partida nagusia —3.172.749 euro— lurpean geratu ziren langileak bilatzeko guneetan egindako indusketa-lanei, 1. segurtasun-biltegia egiteko lanei eta irristatze-eremuak egonkortzeko lanei dagokie.

Zenbateko hori apirilaren amaierara arte Ingurumen Sailak egindako kontratazioek eragin dituzten 9 miloi euroko gastuei gehitu behar zaie. Diru hori Verter Recycling enpresak ordaindu beharko du, Zaldibarko zabortegiko jabea eta arduraduna delako.