Udan Barakaldon programatutako ekitaldietan distantzia soziala errespetatu behar dela gogorarazi dute

0

Angel Madrazo Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotziak erantzukizuna eskatu die herritarrei, distantzia soziala errespeta dezaten, eta jendetza pilatzen den egoera eta guneetan ezinezkoa bada, maskara erabil dezaten.

Madrazok berak gogorarazi duenez, pandemia dela eta, aurten ez dira ospatuko Karmengo jai tradizional eta jendetsuak, baina jai-giroko kultur ekitaldi txikiak antolatu dituzte. «Bertaratzen direnen erantzukizuna eskatzen dut, metro eta erdiko pertsonen arteko distantzia soziala zorrotz errespetatzeko edo maskara erabiltzeko ezinezkoa denean», azpimarratu du.

Ekitaldi motaren eta ospatzeko baldintzen arabera, Udaltzaingoa, Babes Zibileko kideak edo bi taldeak egongo dira bertan.

Madrazok uste du, egungo egoeran, gomendagarria dela pertsonen kontzentrazio masiboa ekarriko duten ekitaldiak ekiditea, osasun-agintariek emandako prebentzio-neurriak betetzeko zailtasunak dituztelako, bai eta herritarren osasunerako beharrezkoa ez den arriskua ere.

Nolanahi ere, igande honetan Udaltzaingoak eta Babes Zibilak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan dena normaltasunez gertatzen dela kontrolatzeko dispositiboan parte hartuko dute. Ildo horretan, Angel Madrazok botoa ematera osasun agintariek ezarritako higiene arauak betez joateko eskatu die herritarrei. «Beldurrik gabe erabili behar dugu botoa emateko eskubidea, baina zuhurtziaz eta erantzukizunez», azpimarratu du.