Elikaduraren katea osatzen duten sektore guztietan lan egiten duten gizon eta emakumeak omentzeko ekitaldia egin da gaur goizean, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak presidituta. Topaketa horrekin, Eusko Jaurlaritzak esker ona erakutsi nahi izan die Covid 19aren pandemiak eragindako larrialdiaren hilerik gogorrenetan beren lanpostuetan jarraitu duten pertsona horiei guztiei, gizartearen aldeko konpromiso bikaina erakutsi baitute.
Topaketa Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan egin da, eta bertan parte hartu dute, halaber, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta Jon Ander Egañak eta Manu Ginerrek, biak Euskadiko Elikaduraren Clusterreko kideak.
Nekazaritzako elikagaien kateko langileak ordezkatuz, berriz, hauek egon dira:
Lehen sektorea:
- Nekazaritza: Joana Tello (Barrenetxe Kooperatiba)
- Arrantza – Eugenio Elduayen – Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko burua
- Abeltzaintza – Arantxa Goenaga
Eraldaketa Sektorea:
- Patricia Antoñana. (UDAPA)
- Pan La Vitoriana. Lorena Jimenez. Denda arduraduna
- Destilerias Acha. Maria Alfonsa Jimenez
Komertzializazioa:
- Leticia Sanchez. (Eroski: Kutxa/Apal betetzailea
- Nagore Barruetabeña. (Uvesco Harategi eta Xarkuteriako arduraduna)
- Nagore Cuevas (Frutas Iru – Mercabilbao).
Tapia sailburuak hitz egin duenean, azpimarratu du “Euskadiko elikagaien katea osatzen duten pertsonei eskerrak emateko ekitaldia dela, Covid 19aren pandemian zehar eta bereziki konfinamenduaren garaian beren lanaren alde eta gizarte osoaren alde erakutsitako konpromisoagatik. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu ere era guztietako lanpostuetan ari direnei, baserritar edo arrantzalea direnei zein eraldaketa enpresetan edo herrietako denda eta azoketan ari direnei ere, den-denei”.
Pandemiaren hilerik gogorrenetan eta konfinamenduan bete-betean geundenean ere elikaduraren sektoreak erakutsi du funtsezkoa izateaz gain profesionala, berritzailea eta solidarioa ere badela. Kate luze oso bat bizirik eta indartsu mantendu dute, nahiz eta, Covidaren mehatxuagatik eta lanean izan duten eta oraindik ere izaten ari diren babes neurri zorrotzengatik zein konfinamenduko lehen egunetan biztanleen aldetik eduki duten neurrigabeko eskaeragatik, katearen barruan tirabirak egon diren. Sektoreak espero bezala egoten jakin izan du, eta ez da elikagairik falta salmenta eta banaketa kanal guztietan.
Tapia sailburuak eskerrak eta zorionak eman dizkio sektoreari, eta berriro gizarteari zuzendu zaio esanez babes neurri guztiak indartu beharra dagoela birusa gehiago zabaltzea ekiditeko eta gauden egoeratik atzera ez egiteko.
Ekitaldian, AUPA animo mezuaz bidaltzen duen eta koronabirusaren krisia dela-eta bertako produktuak kontsumitzera bultzatzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak abian jarri zuen kanpainaren zatia izan zen bideoa emititu da. Kanpaina hori, Euskadiko Elikaduraren Clusterraren eta HAZIren laguntzarekin egin dena, Euskadiko kontsumitzaileei zuzenduta dago, eta arrantzaleen eta baserritarren lana balioesten du, egunero egiten duten lanarekin kalitateko elikagaien hornidura bermatzen baitute.