Euskadiko historia garaikidea bolumen bakarrean

0

‘Breve historia de Euskadi. De los Fueros a nuestros días’ liburuaren edizio berri bat argitaratu du Debate argitaletxeak.Euskadiko historia berrienari erreparatu diote José Luis de la Granja, Santiago de Pablo eta Coro Rubio Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek. Breve historia de Euskadi (2011) laburpen eta objektibotasun ariketa bikaina izan zen, eta laster bihurtu zen Euskadiren iragana, oraina eta geroa hobeto ulertzeko erreferentzia. Ia hamar urte igaro diren honetan, nahitaez argitaratu behar zen edizio zabaldua, azken hamarkadako gertakariak barne har zitzan.

Euskadiren historian, asko dira topiko zaharrak, mito faltsuak, gutxi ordea azken mendeen laburpen zehatz eta objektibo bat eskaintzen duten dibulgazio lanak. Horixe da Breve historia de Euskadi; ekarpen baliotsu, egoki eta beharrezkoa, azken berrogeita bost urtean egin diren historiografia ikerketa onenetan oinarritua.

Euskadiko probintzien XVIII. mendeko egoeratik abiatuta, XIX. mendearen errepasoa egiten da; foru erregimenaren eraldaketa eta estatu liberalean txertatzea, karlistaldiak, modernizazio sozioekonomikoko prozesua eta aniztasun politiko eta kulturalaren sorrera Errestaurazio aldian. Geroago, XX. mendean, gertakari ugari jazo ziren: II. Errepublika, 1936ko Estatutua –hain gutxi iraun zuena–, Espainiako Gerra Zibila, Francoren diktadura, erbestea, Trantsizioa eta Gernikako Estatutua –Euskadi errealitate instituzional bihurtu zuen mugarria–. Edizio berri honetan, Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko atal berria sartu da, 1980ko hamarkadatik gaur egunera artekoak biltzen dituena.

Historia politikoa ardatza dela, liburuan Euskadik azken hamarkadotan izan duen bilakaera nahaspilatsuaren joera nagusiak aztertu eta interpretatu dituzte egileek, betiere alderdi ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta erlijiosoak biltzen dituen ikuspegi koherente orokor baten bitartez.

Edizio honetan, atalburu erabat berri batean, egungo historia –alegia, gaur egungo Euskadi– aztertu da, 1980tik –autonomia erkidegoak eratzen hasi zirenetik– aurrera, hain zuzen. Lau hamarkada eman ditu indarrean EAEko autogobernuak, bost lehendakari egon dira (EAJko lau eta PSEko bat), eta hamabi hauteskunde autonomiko egin dira. Nazionalistek hegemonia garbia izan badute ere, hauteskundeok Euskadiren aniztasun sozial eta politikoaren isla izan dira, nahiz eta ETAren terrorismoak urtetan desitxuratu duen. Atalburu horren aztergaietako batzuk, tartean, Euskadiren eta Espainiaren arteko harremana aldatzeko proposamenak (EAEren estatus berria zehazteko prozesuan gauzatu direnak), oraindik ere itxi gabeko kontuak dira. Beraz, egiazko «historia garaikide» bat da, eta izugarrizko erronka izan da egileentzat liburuaren azken atalburua (1980-2020 aldiari buruzkoa) osatzea.

Edizio berriak, gainera, liburuxka bat hartzen du barne, azken bi mendeak irudikatzen dituzten 42 ilustrazioz osatua; ilustrazio horiek obraren edukia osatzen dute arlo bisualean, eta kalitatezko dibulgazio lana dela uzten dute agerian. Amaieran, Euskadiko historia garaikideari buruzko kronologia eta bibliografia eguneratua dakartza liburuak, Euskadiri buruzko historiografiak 1975etik hona izan duen garapen handiaren erakusgarri dena.