Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak urteko bilera egin du delituen estatistikak aztertzeko, balorazioa egiteko eta plan berriaren ardatzak aurkezteko

0

Euskal Autónomi Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak urteko bilera egin du, eta bertan Euskadiko Segurtasun Publikoaren Planaren jarraipena eta balorazioa egin dira eta 2020-2025 plan berriaren jarraibideak aurkeztu dira. Plan berri horrek segurtasunari buruzko ikuspegi integrala ematen du, arriskuen eta mehatxuen analisiaren emaitzetatik abiatuta helburuak eta ekintza-lerroak zehaztuz.

Bestalde, bileran delituen bilakaeraren berri eman da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea eratzeko emandako urratsak azaldu dira. Euskadiko Poliziari buruzko Legea betez sortutako batzorde hori kide anitzeko organoa da, autonomia funtzionala du polizia-erakundearekiko eta segurtasunaren arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailarekiko, eta bere zeregina da herritarrek polizia-jarduerari buruzko kontrolen objektibitatean duten konfiantza eta zilegitasuna indartzea.

Bileran Judikatura, Fiskaltza eta Ertzaintza koordinatzeko lantaldearen balantzea ere egin dute. Lantaldea organo dinamizatzaile gisa finkatzen ari da, akordioak proposatzeko, erabakiak hartzeko eta sistemak modernizatzeko ardatza izanik.

Urteko bileran, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina jasotzen duen legegintzako dekretua Eusko Legebiltzarrera bidali dela.