Orioko Kutixi kafetegiak etxean egindako oihalezko maskarak banatu ditu herritarren artean borondatearen truke, eta 1.200 euro bildu ditu.
Hasieratik, argi izan zuten maskarekin jasotako dirua gizarte arloan lan egiten duen erakunde batera bideratuko zutela, eta minbizia duten haurren senideen Aspanogi elkarteari dohaintzan ematea erabaki dute. «Konfinamendu garaian, ahizpa hasi zen Ikastolako irakasle batzuekin batera oihalezko maskarak egiten, babes neurrien beharra zuten osasun langileentzat. Etxean genituen telekin hasi ginen, eta lehengusu batek gomak ekarri zizkigun. Etxekoentzat ere egin genituen, baina herritarrek maskara jantzita ikusten zigutenean nondik lortu genuen galdetzen ziguten, eta pixkanaka oriotarren artean banatzen hasi ginen, borondatearen truke. Horrela sortu zen ekimena», azaldu dute Kutixi kafetegiko kideek.