Sonia Pérez Ezquerra sailburua: «Gobernantza sendotu behar dugu»

0

“Turismoa eta merkataritza Covid19aren ondoren: gakoak, erronkak eta aukerak” Nazioarteko Foroa inauguratu du Sonia Pérez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak. Bestalde, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muelak merkataritzako blokea ireki du arratsaldean, Merkataritzako estatu-idazkari Xiana Méndezekin batera. Ondorioak Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Goyo Zurrok eta Merkataritzako zuzendari Alfonso Garcíak azaldu dituzte.

“Turismoa eta merkataritza Covid19aren ondoren: gakoak, erronkak eta aukerak” foroaren asmoa da turismoaren eta merkataritzaren sektoreek pandemiaren ondoren aurrean izango duten garai berriari erantzunak ematea. Inaugurazio instituzionalaren aurretik, Saretour – Turismoaren Euskal Sarearen plataforma berria aurkeztu du sailburuak. Ekimen hori aitzindaria izan da gobernantzaren eta lankidetza publiko-pribatuaren arloan.

Sailburuak azaldu duenez, Sailak jarduteko jarraitu duen estrategiak bi aldi izan ditu: erresistentzia eta berrabiarazte ekonomikoa. «Erresistentziari lotutako lehen fasean, funtsezkotzat hartu dugu zuzeneko dirulaguntzen lerro bat ezartzea, euskal turismo- eta merkataritza-sektorearen biziraupenean laguntzeko, enpresa txikiei zuzendutako 15 milioi euroko turismo- eta merkataritza-laguntzen bidez».

Sonia Pérez Ezquerrak adierazi duenez, berrabiarazteari lotutako bigarren fasean “turismoaren eta merkataritzaren sektoreetako kontsumoa eta jarduera berrabiarazten laguntzen ari gara sektorea bultzatzearen bidez. Ildo horretan, gainerako erakundeekin koordinatuta ari gara lanean kontsumorako bonuen edizioan, merkataritzan zein turismoan eta ostalaritzan.”

Halaber, aurreikusitako laguntzetako batzuk argitaratu dira dagoeneko, turismoko hirurak: Turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzak (CTP); Lurralde-proiektu turistikoetarako laguntzak (PTT) eta turismo-arloko ekintzailetza bultzatzeko laguntzak (EMET). Eta, merkataritzan, saltokiak modernizatzeko laguntzak (MEC) eta merkataritza-inguruneak dinamizatzea helburu duen Hirigune programa, aurten “elkarteetan ardaztu duguna, krisi honen aurrean elkarte-sarea sendotzen laguntzeko”. Eta merkataritza-bulego teknikoetarako laguntzak, COVID19aren zirkunstantzia berrietara egokitzeko zeregina bereziki azpimarratuta.

Berrabiarazte horren bigarren zutabea sustapen-kanpainak dira, “gure sektorean hain eskari handia dutenak”. Lehenik eta behin, tokiko merkataritzako eta kontsumo arduratsuko kanpainak, kontsumitzaileak tokiko erosketaren inguruan kontzientziatzeko lanean eta hurbileko merkataritzaren eta arreta pertsonalizatuaren balioetan oinarrituak, azken kanpainan ikusi ahal izan genuenez.

Eta, bigarrenik, Euskadik jomuga seguru gisa duen irudia azpimarratzea. Askotariko eskaintza duen eta hainbat kanpainatan sustatutako gastronomiaren garrantzi handia baliatzen duen jomuga.

«Segitturrek emandako ondorioen arabera, identitate propioa duten, lehiakideen aldean elementu bereizgarriak dituzten eta segurtasuna, jasangarritasun naturala eta kulturala bermatzen duten jomugak lehiakorragoak izango dira merkatua erakartzeko», sailburuak aztertu duenez.

Hori dela eta, krisi honetatik ateratzeko, “egiten genuen horretan lan egiten jarraitu behar dugu, baina are ahalegin handiagoa eginez. Lehenik eta behin, sektoreko profesionalen prestakuntza eta trebakuntza hobetuz, ekonomia digitalerako trantsizioa eta ekonomia horretan txertatzeko aukera errazteko. Horrekin batera, lan-baldintzak hobetu behar dira, talentuari eusteko eta produktibitatea areagotzeko.

Bigarrenik, gobernantza-mekanismo berriekin. Kasu honetan, funtsezko zeregina betetzen du Turismoaren Euskal Sareak (Saretour). Haren plataforma inaugurazio honen aurretik aurkeztu da. “Plataforma horren bidez, lankidetza publiko-pribatu hirukoitza ardaztu dugu: erakunde artekoa, enpresa artekoa eta sektore artekoa. Baterako posizionamendua, errentagarritasuna, berrikuntza, ekintzailetza, sormena eta hobekuntza lortzeko eta, era horretan, Euskadiko turismo-industriaren garrantzia agerian uzteko eta industria hori bultzatzeko”.

Sailburuak, amaitzeko, hirugarren ardatza azaldu du: “jasangarritasunak eztabaida guztien ardatz izan behar du oraindik, Euskadin izan den bezala. Indar horri heldu behar diogu orain krisitik ateratzeko eta hazkunde iraunkorra eta jasangarria bultzatzen jarraitzeko», gaineratu du.