‘Urola Kosta: itsas-lurra’, helmuga turistiko jasangarria

0

‘Urola Kosta: Itsas-lurra’ lelopean, Urola Kostako Udal Elkarteak turismoa erakartzeko sustapen kanpaina jarri du abian. Kanpainak eskualdearen erakargarritasun turistikoak balioesten ditu, bisitariak erakarri eta Covid-19k eragindako krisiaren aurrean jarduera ekonomikoa dinamizatzeko; bereziki turismo-enpresa, merkataritza, alojamendu nahiz ostalaritza sektoreari begira.

Urola Kostako 2020ko turismo kanpainak, eskualdeak eskaintzen dituen aukerak eta sentsazioak jartzen ditu balioan. “Urola Kosta: itsas lurra” lelopean, kanpainak xede du eskualde mailako eskaintza eskualdeko bost herrien turismo eskaintzaren osagarri planteatzea eta, bereziki, Urola Kosta helmuga turistiko jasangarri gisara kokatzea.

Leloak berak dioen eran, itsasoa eta lurra eskaintzen ditu Urola Kostak. Lourdes Salsamendi lehendakariak adierazi duenez, “gure eskualdeak eskaintza aberatsa eta anitza du. Urte osoko edozein garaietan gozatzeko lurraldea da gurea. Kilometro gutxian mendi ibilbideak eta hondartza; kirola eta aisia; gastronomia eta paisaia. Gure identitatea, gure bizitzeko era, gure ondarea. Esperientzia betea eskaintzen du Urola Kostak, geure ditugu eta ingurukoak berau bizitzera gonbidatu nahi ditugu. Bereziak izango dira datozen hilabeteak; eta bereziak izango dira Urola Kostan. Ziur naiz esperientzia ahaztezinak biziko ditugula guztiok bertan; guk zein bisitariok. Seguru, baina gozatuz, gure altxorrekin bat eginez”.

Kanpaina honen bitartez, turismo sektorea indartzea eta sustatzea du helburu Urola Kostako Udal Elkarteak.  Izan ere, koronabirusak gehien eragin duen sektoreetako bat da, eta bisitariei Urola Kosta zein eskualde seguru, anitz eta erakargarria den helarazteko asmoz garatu da kanpaina; beti ere, egungo ‘normaltasun berriko’ egoerak eskatzen dituen segurtasun neurri oro betez: “Eskualdea goza dezakegu, aukerak oso ugariak dira, baina tentuz eta arduraz jokatuz, eta guztien, bertakoen zein bisitarien, segurtasuna bermatuz.

Kanpainaren jomuga Urola Kostako turismo aukerak promozionatzea da: Aia, Zarautz, Zumaia, Orio eta Getariaren ezaugarri bereizgarriak kontuan izanda, baina identitate bateratu bat sortuz.

Bestalde, Urola Kosta helmuga turistiko bezala kokatzeko lehen urratsak emango dira kanpaina honekin. Kanpaina uztailaren 10ean jarriko da martxan eta irailera arte iraungo du. Udazkenean ekintza berriak bultzatuko dira.

Osagarritasuna eta sinergiak uztartzea ditu lan ildo; Gipuzkoako Foru Aldundiak jaurtitako ‘Gipuzkoa Passport’ kanpainarekin batera garatuko da. Beste hainbaten artean, Gipuzkoako pasaportearekin batera banatuko den esku-orri bat sortu da, herriz herri, esperientziak eskaintzen dituzten enpresen eta turismo-bulegoen kontaktuak helaraziz bisitariei. ‘Gipuzkoa Passport’ turismo bulegoetan dago eskuragarri, ‘Urola Kosta: itsas-lurra’ esku-orriarekin batera.