Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza bereziak ezarri ditu nekazaritza eta abeltzaintza sektorearentzat

0

Aste hontako gobernu kontseiluan onetsi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak abeltzaintza eta nekazaritza sektorearentzako laguntza bereziak, COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko sortuak eta de mínimis erregimeari lotuak. Dirulaguntza horiek 415.000 euro izango dituzte, eta honako azpisektore hauei bideratuta daude: sagardoa egiteko sagar ekoizpena, sagardo ekoizpena, mahastizaintza, landare apaingarrien estalkipeko ekoizpena, landa-turismodun ustiategiak eta ardien, ahuntzen eta abelburu hezigaitzen ustiategiak. Helburua da ustiapen horiek oraingo egoera gainditu ahal izatea. Horretarako, likidezia emango zaie eta pairatzen ari diren errenta galderak konpentsatuko zaizkie.

Laguntza horiek berezitasun zehatzak dituzte azpisektore bakoitzeko. Hala, Bizkaiko sagardo naturala egiteko sagar ekoizpenaren sektoreari dagokionez, hektareako 300 euroko aleko prezioa ezarri da, eta onuradun bakoitzak gehienez ere 7.500 euro jaso ahal izango ditu. Sagardoa ekoizteko azpisektoreko onuradun bakoitzak jasoko duen guztizko zenbatekoa 600 euroko zenbateko finko batetik abiatuta aterako da. Zenbateko finko horri 2019an bakoitzak aitortutako sagardo ekoizpenean oinarritutako osagarri bat gehituko zaio.

Mahastizaintzako laguntzen aleko prezioa hektareako 600 euro da. Kasu honetan jasoko den zenbatekoa izango da aleko prezio hori 2019an onuradunarentzako zehaztutako mahatsondo azaleraren aleko zenbatekoaz biderkatuta. Onuradun bakoitzak gehienez ere 7.500 euro jaso ahal izango ditu.

Landare apaingarrien ekoizpen sektorerako laguntzak azaleren aitorpenean zehaztutako azalerari lotuta egongo dira; izan ere, azalera hori metro karratu bakoitzeko euro batekin biderkatuta zehaztuko da laguntzaren zenbatekoa. Ildo horretarako kalte-ordainen gehienezko zenbatekoa 7.500 euro izango da.

Landa-turismoko ustiategiei dagokienez, onuradun bakoitzak gehienez ere 7.500 euro jaso ahal izango ditu. Zenbatekoa zehazteko, ustiategi bakoitzeko zenbateko finkoa (1.500 euro) eta ustiategiaren Nekazaritza Lan Unitate kopurua bider 1.000 euroren emaitza batu behar dira.

Ardi eta ahuntzen ustiategien kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa 8 eurokoa izango da aitortutako ardi eme ugaltzaile bakoitzeko, eta 12 eurokoa aitortutako ahuntz eme ugaltzaile bakoitzeko. Onuradun bakoitzeko gehienezko zenbatekoa 7.500 euro izango da. Zenbateko hori bera izango da abelburu hezigaitzen ustiapen sektorerako ezarritako gehienekoa. Dirulaguntzaren zenbatekoa 50 eurokoa izango da 2020ko urtarrilaren 1ean zentsatutako sei hilabetetik gorako behi bakoitzeko.

Dirulaguntzak lehia askearen araubidean emango dira, eta horiek arautzen dituen dekretuan jasotzen den bezala, laguntza-eskaerei dagozkien beharrizan finantzarioek aurrekontuan eskuragarri dagoena gaindituko balute proportzionalki banatuko lirateke eskaria egin duten onuradun guztien artean.

Laguntza horiek Bizkaiko Aldizkari Ofizialean arautzen dituen dekretua argitaratu eta 15 egun naturaleko epean eska daitezke. Eskariak  Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailean aurkeztu behar dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren erregistro zentralean,  Nekazaritzako Eskualdeko Bulegoetan eta Herritarrentzako Arretarako Bulegoetan (Gertu). Foru erakundearen egoitza elektronikoaren bidez ere aurkez daitezke, honako webgune honetan: www.bizkaia.eus.