EGO-k bere udako topaketa aurkeztu du

0

Uztailaren 22tik abuztuaren 1era Donostian elkartuko dira EGOko kide diren 73 musikari, topaketa horretan zehar ondoren euskal hiriburuetako agertoki nagusietan joko duten errepertorioa lantzeko. Musika Hamabostaldiko Inaugurazio Egunean ere parte hartuko du EGOk, abuztuaren 1ean.

Hain berezia den 2020ko uda honetan, EGOk entzuleentzako nahiz musikari gazteen prestakuntza orkestralerako eta garapenerako balio musikal eta interes handia duten bi programa aurkeztuko ditu. Horrela, lehen maila orkestraleko irakasleekin lan egingo dute, berriki taldearen zuzendari artistiko izendatua izan den Rubén Gimenoren batutapean. Orkestrako kide gazteek, besteak beste, bereziki soinuari, artikulazioari, ozentasunaren orekari… lotutako alderdiak landuko dituzte.

Topaketa hauen bidez, EGOk bere proiektuan zehaztutako helburuak eta xedeak beteko ditu, hala nola prestakuntza orkestral egokia eskaintzea, gazteen garapen artistikoa nahiz giza garapena sustatzea eta mundu profesional orkestralera sartzeko zubiak sortzea.

Kontzertu hauek lan eta bizikidetza garai zorrotz baten gailurra izango dira. Garai horretan zehar, askotariko ekimenen bidez, gazteek ondotik zuzenean interpretatuko dituzten obrak landuko dituzte.

Lan hori gauzatzeko, izen handiko irakasleekin arituko dira. Horietako batzuk euskal talde nagusietatik datoz, Euskadiko Orkestratik eta Bilbao Orkestra Sinfonikotik, eta beste hainbat erakunde eta talde ezagunetakoek ere hartuko dute parte: Espainiako Orkestra Nazionala, Reina Sofia Musika Eskola, Gran Teatre del Liceu, London Symphony, Vienako Orkestra Filarmonikoa eta Genevako Suisse Romande.

Aurten, eta lehen aldiz, udako topaketak programa musikalari dagokion jarduna osatuko duten ekimenak ere izango ditu, “PASSION FOR MUSIC” izenekoak.

Honela, kideek aurrez aurre jasoko duten prestakuntzaz gain, EGOk lurraldeko hezkuntza sektoreko eragile nagusiekin elkarlanean aritzeko duen bokazioaz, EGOko ordezko kide guztiak, Musikeneko ikasleak, EIOko kideak eta Goi Mailako Kontserbatorioetako ikasleak gonbidatuko ditu, ezatabaida foro batera. Eztabaida hori streaming bidez emango da eta Rubén Gimeno (EGOko zuzendari artistikoa) eta bere anaia Gustavo Gimeno (egun Torontoko Orkestra Sinfonikoko eta Luxemburgoko Orkestra Filarmonikoko zuzendari titularra eta, hainbat urtez, Amsterdamgo Concertgebouw Orkestrako Tinbal bakarlaria) izango ditu protagonista.

Aipatu ekimen hau, Kutxa Kulturrek antolatzen du EGOren lankidetzarekin eta Kutxa Fundazioaren jabetza duen “Eta orain zer” plataformaren bitartez egingo da,

“PASSION FOR MUSIC” ekimenak, gainera, beste jarduera osagarri batzuk ere izango ditu, EGOko kide gazteek haien etorkizuneko ibilbide profesionalean topatuko dituzten errealitate orkestraletan laguntzeko asmoz: orkestra bateko entzunaldiei aurre egiteko modua eta erronka, orkestra zuzendaritzako ikasle gazteak EGOko entseguetara deitzea eta haietan zuzenean parte hartzea, Rubén Gimenoren eskola magistrala, eta abar.

Gogora ekarri nahi dugu Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) 1997an sortu zuela Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, izaera estragikoko proiektu bezala, lurraldeko musikari gazteei zuzenduta, eta hasieratik izan du BBK, Kutxa eta Vital Fundazioen babesa.