NEKAFIN laguntza finantzarioa, 50 milioi euro erabilgarri bertako ardoaren, sagardoaren eta garagardoaren sektoreetarako

0

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak NEKAFIN finantza tresna 50 milioi eurorekin gaitzeko eman duen Agindua argitaratu da dagoeneko EHAAn. Zirkulatzaile lerro horretan parte hartu dute ELKARGIk eta Finantzen Euskal Erakundeak eta COVID-19aren inpaktuagatik Euskadiko edarien sektoreak duen egoera zaila arintzeko balio du.

Eusko Jaurlaritzak, HAZI Fundazioaren bitartez, edarien sektoreari laguntzeko hainbat ekimen abiarazi du, eta ezohiko laguntza finantzario hau da horietako bat, beste batzuekin batera, hala nola sektorearen lehiakortasuna areagotzeko ekimena, posizionamendurako eta salmentarako ekintzak indartzekoa eta Euskadiko upategi eta ardoak sustatzeko ekintza berriak martxan jartzekoa. Ekimen horiek berriki egin den bilera batean aurkeztu zitzaizkion sektoreari, eta bilera horretan ere erabaki zen sustapen kanalak indartzea, euskal upategietako produktuak salmenta eta posizionamendu bide berrien bitartez bistaratzen utziko duten ekintzak eginez, berriki eratu den ARDOA Basque Wine Officek koordinatuta eta finantzatuta.

NEKAFIN – 50 MM-ko laguntza finantzarioa 

NEKAFIN tresna, zeina 50 milioi eurorekin zuzkitu baita, mailegu amortizagarria da, eragiketa bakoitza gehienez ere 1.500.000 eurora arte finantzatzeko.

Maileguak kapital zirkulatzailearen premiak asetzeko erabili behar dira, premia horiek edozein direla ere, eta ezingo dira nekazariei erositako produktuen prezioa edo bolumena aldatzeko erabili. Zirkulatzaile premia maximoak kuantifikatzeko, 2020ko ekitaldiko jarduera maila hartu da adierazle. Maileguaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, berriz, eskatzaileak prozesatzea aurreikusten duen tokiko lehengaiaren bolumena eurotan adierazitako modulu batekin biderkatuko da, zenbateko hauen arabera:

  1. Errioxa JIKren babespeko mahatsa: 2,2 euro kiloko.
  2. Arabako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Getariako Txakolina jatorri izendapenen babespeko mahatsa: 3,5 euro kiloko.
  3. Euskal Sagardoa JIren babespeko sagarra: 3,5 euro kiloko.
  4. Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizten den malta-garagarrez egindako garagardoa: 5 euro litroko.

Interes tasaren modalitatea aldakorra izango da, urteko Euriborraren kostuarekin gehi %50arekin, gehienez ere 7 urtean finantzatzeko, gabealdiko 3 urterekin.

ELKARGIk bermatuko ditu maileguen %100, eta berme horrek, nominalaren %0,50aren formalizazio komisioaren kostua ez ezik, ekitaldiaren hasierako urteko saldo biziaren %50eko kostua ere izango du urtean. 200.000 euro baino gutxiagoko maileguetan, behin bakarrak likidatuko da, eta aurretiaz. Era berean, abalak ELKARGIren bazkide izaera onartzeko obligazioa dakar berarekin, eragiketaren zenbatekoaren %4aren balioa duten partaidetza sozialak harpidetuta eta ordainduta, mailegua likidatzen unean bueltatu ahal izango dena.

Ardoa Basque Wine Office

Berriki eratu den Ardoa-Basque Wine Office bulegoak laguntza osoa eskaintzen dio Euskadiko edarien sektoreari, Arabako Errioxako upategiak, hiru Txakolin Izendapenak, Sagardoa eta Garagardoa merkatu nazionalean eta estatalean zein nazioartekoan aurrera eramaten ari diren estrategia indartzeko.

Bulego honen bitartez, zeinaren idazkaritza teknikoa Hazi Fundazioaren esku baitago, Eusko Jaurlaritzak helburu hauek lantzen ditu:

  • Edarien euskal sektorea koordinatzea, orientatzea eta etorkizuneko eszenatokiak proposatzea sektore horretarako
  • Eskaripeko laguntzako eta orientazioko zerbitzu teknikoak garatzea eta indartzea.
  • Bikaintasuneko proiektuetan laguntza eta babesa ematea sektoreari.
  • Administrazio Publikotik balioa sortzea, giza baliabideak eta balilabide ekonomikoak modu koordinatuan jarrita, barruan zein kanpoan.
  • Ardoaren eta beste edari batzuen euskal industria bultzatzea, sinergiak eta baliabideak eskura jarrita, katalizatuta eta lerrokatuta.
  • Aliantzak eta proiektu komunak bilatzea, erakunde eta agente sektorial desberdinen artean.