eLiburutegiak hirukoiztu egin du mailegu-kopurua aurtengo lehen seihilekoan

0

eLiburutegiak, hau da, Euskadiko liburutegi digitalak, 15.196 erabiltzaile berri erregistratu ditu 2020ko lehen seihilekoan, hortaz, 56.366 erabiltzaile ditu gaur egun.

Erabiltzaile berri horien bi heren baino gehiago eLiburutegira hurbildu ziren konfinamendu-aldian. Mailegu digitalen kopurua kontuan hartuta, eLiburutegiak urteko lehen seihilekoan 91.881 liburu eman ditu maileguan, 2019ko aldi berean maileguz emandakoa halako hiru. Hala, sei hilean bakarrik, eLiburutegiak nabarmen gainditu du urtebetean sekula izan duen maileguen erregistroa, orain arte gehien erregistratu dituena 2019a izan dela kontuan hartuta (68.891 mailegu urte osoan).

Datuek erakusten dute eLiburutegiak azken urteotan izan duen etengabeko hazkuntza jarraia eta egonkorra azken hilotan igo egin dela, bereziki konfinamenduaren hasieran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak erabiltzaile izateko izapidea errazteko erabakia hartu zuenetik. Azken urteotan erabiltzaileen hazkuntza ez zen 1.000 biztanlekoa ere hilabete bakoitzean, eta aurtengo martxoan, aldiz, 6.773 erabiltzaile berri erregistratu ziren, eta apirilean, 3.864. Hileko mailegu-kopuruari dagokionez, apirilean egin ziren mailegu gehien, 27.889 (inoiz erregistrorik onena eLiburutegia sortu zenetik), gero martxoan (18.536) eta, ondoren, maiatzean (17.990 mailegu).

Libururik irakurrienak (edozein hizkuntzatan), 2020an, honako hauek izan dira: La Nena (Inspectora Elena Blanco 3), Carmen Molarena; El enigma de la habitación 622, Jöel Dicker-ena; La chica de nieve, Javier Castillorena; Reina Roja, Juan Gómez-Juradorena, eta Aitaren etxea, Karmele Jaiorena.