Portugaleteko Udalak Portugaleteko Familiartekoen Elkargunea kudeatzeko lankidetza-hitzarmena berritu du Eusko Jaurlaritzarekin

0

Portugaleteko deribazio judizial bidezko Familiartekoen Elkargunea kudeatzeko lan eta Justiziako sailburu Maria Jesus San Josek eta Portugaleteko alkate Mikel Torresek beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute.

Elkargune horrek Portugaleteko hiribilduko eta Ezkerraldeko, Meatze Zonaldeko eta Enkarterrietako beste udalerri batzuetako (Santurtzi, Sestao, Trapagaran, Abanto, Zierbena, Muskiz, Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla) familiei ematen die zerbitzua.

2019an 99 familiek erabili zuten Portugaleteko Familiartekoen Elkargunea 1.756 hartu-eman eta 1.163 tutoretzapeko bisitak egiteko. Jarduketa horiek 134 adingabeentzako (68 mutil eta 66 neska) programatutako jarduketen % 78 dira.

Familiartekoen Elkarguneak espazio neutralak dira. Haien helburua da haurrek euren gurasoekin harremanak segurtasun-baldintza handienekin eta erosotasun-baldintza onenean eduki ditzaten bermatzea. Horretarako, Elkarguneek diziplina anitzeko teknikari-taldeak dituzte, une oro adingabeak zaintzeko eta babesteko.

Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizial bidezko Familiartekoen zortzi Elkargune daude (Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz, Barakaldo, Portugalete, Durango, Tolosa eta Gernika), eta Irungo, Zumarragako eta Amurrioko udalekin urtea amaitu aurretik lankidetza-hitzarmenak gauzatzea aurreikusi da.