Getxoko Ertzain-etxea zaharberritzeko eta handitzeko proiektua aurkeztu da

0

Getxoko Ertzain-etxea zaharberritzeko eta handitzeko proiektua Ertzaintzaren Azpiegiturak Kudeatzeko Plan Orokorrean sartuta dago. Segurtasun Saila legealdian zehar joan da plana garatzen polizia-eraikinak egokitzeko, besteak beste Ondarroako Ertzain-etxea, Zabalburuko, Gasteizeko eta Loiuko aireportuko herritarren arretarako bulegoak eta Tolosako, Hernaniko eta Basauriko ertzain-etxeak.

Lau dira Euskadiko ertzain-etxeetako obra berriak egiteko kontuan hartu diren alderdiak: irisgarritasun unibertsala, hirian integratzea, jasangarritasuna eta energia-efizientzia eta Segurtasun Sailak herritarrei arreta ematearen arloan duen ikuspegi berria, eta, horretarako, besteak beste, genero eta etxeko indarkeriaren biktimei arreta emateko aretoak egokituko dira atseginagoak izan daitezen.

Eraikin berria

Getxoko Ertzain-etxeko lanen helburua eraikina zaharberritzea, handitzea eta ingurua urbanizatzea dira. “Gaurtik hasi eta 26 hilabeteko epean, alde batetik, Ertzain-etxea bertan ezarri zenetik zerbitzuen zati handi bat hartu duen Basterra Jauregiaren eraikina zaharberrituko da. Ertzain-etxea ere handitu egingo da, eta ondoko eraikin berri bat eraikiko da, egungo ertzain-etxe batek, Getxokoa kasu honetan, herritarrei eskaini behar dizkien antolaketa- eta zerbitzu-premiekin bat datorrena”, adierazi du Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak, eta erantsi du lanak egiteko prozesuaren baitan inguru osoa urbanizatuko dela eraikinak herrigunean modu egokiagoan integratzeko eta herritarrei gertuko zerbitzua emateko.

Proiektua fasez fase egingo da. Lehenengo fasean hiru solairuko eraikin berri bat egingo da, xumea, irekia eta erdi-lurperatua. Azalera erabilgarria 4.000 metro karratukoa izango da, eta inguruaren urbanizazioa ere barne hartzen du. Higiezin hori lehendik dagoenari erantsita eraikiko da eta egungo modulu aurrefabrikatuak ordezkatuko ditu. Eraikin horretan bilduko dira herritarrei arreta emateko eta ikerketako guneak, salaketak hartzeko gelak eta GI/EIko biktimei arreta ematekoak, atxiloketa-zentroa eta aparkalekua, biltegiak eta aldagelak.

Bigarren fasean lehendik dagoen eraikina goitik behera zaharberritzea aurreikusten da, eta bertan bilduko dira gero Aginte eta Komunikazio Zentroa, Ertzain-etxeko buruzagitzak, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bulegoa eta administrazio-bulegoak.

Egungo Ertzain-etxearen eraikina zaharberritzeko lanak direla eta, Getxoko Ertzain-etxera atxikitako pertsonala Erandioko Polizia Zentrora eraman da, Erandioko Larrauri Mendotxe Bideko 18. zenbakira, alegia, eta bertan egongo da aldi baterako.

Fase hori amaitu bitartean, Ertzaintzak egungo kokapenean mantenduko du Herritarren Arretarako Bulegoa, eta egunean 24 orduan emango du zerbitzua, batez ere herritarrei arreta emateko eta salaketak jasotzeko. Bestalde, Herritarren Arretarako Plentziako Bulegoan ohiko zerbitzua ematen jarraituko dute.

Bigarren fasean, herritarren arretarako zerbitzuak 1. fasean eraikitako eraikin berrira eraman daitezkeenean, goitik behera zaharberrituko da lehendik dagoen eraikina, Basterra Jauregia, eta lan horiek amaitzen direnean bertan bilduko dira Aginte eta Komunikazio Zentroa, Ertzain-etxeko buruzagitzak, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bulegoa eta administrazio-bulegoak.

Proiektuaren helburuetako bat iturri berriztagarriak, esate baterako, geotermia, erabiliz energia-efizientzian laguntzea ere bada.