Kongresuak eta zientzia bilerak egiteko laguntzatan 200.000 euro banatuko dira

0
Fotografía: Palaciomiramar.eus.

Ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilera presentzialak antolatzeko 200.000 euroko diru-kopurua bideratuko du Gobernu Kontseiluak. Laguntza hauen onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak, haien kategoria edozein dela ere.

Diru-laguntza hauek, honako gastu arrunt hauek ordaintzeko erabili beharko dituzte: kongresu edo bileraren antolamendua eta zabalkunde gastuak, hizlari gonbidatuen parte-hartze gastuak, edo kongresuen kasuan, ekarpen zientifikorik onenari eman ohi zaion saria, beste hainbat gasturen artean. Jardunaldiok 2020ko uztailaren 1a eta abenduaren 31 artean burutu beharko dira.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola irakaskuntzako eta ikaskuntzako trebakuntzarako prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak edo mintegiak, besteak beste.

Biltzar eta bilera zientifikoen eremu horretan eragin handia izan du COVID-19 pandemiak, eta formatu berriak sartu dira, unibertsitateek eta ikerketa-zentroek egiten duten ikerketaren emaitzak zabaltzeko. Horregatik, salbuespen gisa, laguntzen deialdi honek aukera ematen du kongresu eta bilera zientifikoak modu birtualean edo on-line finantzatzeko.