Euskal Autonomia Erkidegoko eraikin publiko eta kaleetan irisgarritasuna hobetzeko dirulaguntzak onartu dira

0

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren Agindua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak, hau da, 2020ko ekitaldirako udal eta udalaz peko erakundeentzako zein gizarte-helburuak dituzten onura publikoko erakunde pribatuentzako dirulaguntzen deialdia egiten duena, irisgarritasun-planak prestatu edo eguneratzeko eta hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-lanak exekutatzeko.

Laguntzen xedea da 1997ko Irisgarritasun Legeari bultzada ematea, otsailaren 4an Gobernu Kontseiluak onartutako Irisgarritasun Unibertsalaren EAEko Estrategiaren bidez zabaldu egin baitira Lege horren helburuak. Dirulaguntzak hauexek sustatzeko izango dira:  1) jada existitzen diren hiri-ingurune, ingurune publiko, eraikin, garraio eta informazio-sistemak pixkanaka egokitzea bilatzen duten irisgarritasun-planak prestatu eta eguneratzea; 2) udalen zein udalaz peko erakundeen irisgarritasun-planetan aurreikusitako hiri-ingurunearen zein eraikinen irisgarritasuna bermatzeko hobekuntza-lanak exekutatzea eta, gizarte-helburuak dituzten onura publikoko erakunde pribatuen kasuan, hobekuntza-lanak exekutatzea; eta 3) udalen zein udalaz peko erakundeen planetan adierazitako hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko egokitzapen-ekipamendua erosi eta instalatzea.

Jardun horietara 6,3 milioi euro bideratuko dira guztira. Kopuru horretatik, 300.000 euro 2020 ekitaldirako dira, 3 milioi euro 2021erako, eta  gainerako 3 milioiak 2022. urterako. Diruz lagundutako jardunak 2020. urtean hasi behar dira, eta 2021eko azaroaren 15a baino lehen behar dute amaituta, planean kasuan; 2022ko urriaren 31n, berriz, hobekuntza-lanen kasuan.

Aurtengo deialdian, dirulaguntza eskatutako aurrekontuaren % 50 izango da gehienez, salbu eta irisgarritasun-planetarako eta haien eguneratzeetarako, % 75ekoa izango baita. Lanen barruan, lehentasuna izango dute igogailuak eta plataforma jasotzaileak instalatzeak (gehienez eskatutako aurrekontuaren % 75 diruz lagundu daiteke) eta degradatutzat edo birgaitze integratukotzat deklaratutako hiri-inguruneetan egiten diren interbentzioek (% 60). Edonola ere, udalerri edo erakunde bakoitzak jaso dezakeen gehienezko diru kopurua 300.000 euro da.

Eskaerak aurkezteko bitarteko elektronikoak erabiliko dira, eta horretarako epea hilabete izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik. Dirulaguntzei buruzko ebazpena epe hori amaitu eta gehienez sei hiletan emango da.