Laguntzak euskal ETEek nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuetan parte har dezaten

0

Eusko Jaurlaritzak Pilotu programa abiarazi du SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bitartez. Programa horrek laguntzak eskaintzen ditu euskal ETEek nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuetan parte har dezaten. Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak ematen ditu, eta eskaerak egiteko epea zabalik dago urriaren 30era arte.

Nazioartekotzeko Euskal Agentziak diseinatu eta abiarazi du Pilotu programa, 200.000 euroko zuzkidurarekin eta helburutzat harturik erantzuna ematea euskal ETEek euren nazioartekotze-prozesuetan dauzkaten eskakizun berriei. Kasu honetan, laguntzak bereziki zuzentzen dira nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinu eta garapenera, betiere sozialki errentagarriak eta jasangarriak badira.

Euskal enpresei laguntzeko premia hori sortu da, badaudelako proiektu berritzaile bat probatu nahi duten udalak, garapen agentziak eta nazioarteko izaerako beste figura batzuk, proiektu horiek funtzionatzen dutela bermatu nahi dutenak nazioarteko lizitaziora eraman aurretik. Hala, euskal ETEak igurikapen hobeekin eta arriskuak minimizatuko dituen esperientzia batekin  sartuko dira prozesu horietan.

Funts multilateralek mundu osoan finantzatzen dituzten azpiegitura-proiektu handiek aukera ugari irekitzen dituzte proiektu berritzaileentzat, zeintzuetan aurretiazko prototipo bat behar baita inbertsio handiak egin baino lehen, proiektua bideragarria eta jasangarria dela bermatzeko. Agentziak erabaki du test horiek abiarazteko laguntza emango diela euskal enpresei, eta erabaki hori beste modu bat da euren lehiakortasuna nazioartekotzearen bitartez bultzatzeko.

Hala, Pilotu programan proiektuaren gastuak partekatuko dira: kostuaren % 49 pilotua ezarri nahi duen nazioarteko erakundeak estaliko du eta gainerakoa proiektua garatuko duen euskal enpresak. ETEak Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren dirulaguntza jasoko du proiektuan parte hartzeko, gehienez kostuaren % 51raino eta 50.000 euroko mugarekin. Proiektuaren zenbatekoak ezingo du izan 250.000 euro baino handiagoa.

Dirulaguntzaren xede diren kontzeptuak dira proiektuaren diseinuarekin eta inplementazioarekin zerikusia dutenak, eta baita ere emaitzak eskuratu eta aztertzearekin lotuta daudenak, hala, pilotuan zehar lortutako esperientziaren arabera, jakin ahal izango da posible den pilotu hori bolumen handiagoko proiektuetan erreplikatzea.