Euskal itsas ondarea babesteko eta ezagutzera emateko 100.000 euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak

0

Euskal itsas ondarea babesteko, hedatzeko eta horri balioa emateko 100.000 euroko aurrekontuari baiezkoa eman dio Eusko Jaurlaritzak.

Diru-laguntza deialdi hau 2018an jarri zen abian eta aurten lau modalitate izango ditu:  egurrezko ontziak museoratzea; jendeari zerbitzua emateko egurrezko ontziak konpontzea eta armatzea; lehorreko instalazioei (ontziolak, lonjak eta ontziralekuak bezalako beste elementu batzuk) balioa ematea; eta egurrezko ontziak konpontzea eta egokitzea. Aurten, Covid 19k sortutako egoera dela-eta, ez da diruz lagunduko itsas-ondarearen balioa nabarmentzeko ekimenak antolatzea.

Historikoki itsas ondarea behar bezala babestu ez denez, deialdi honen bitartez oraindik geratzen dena babestu nahi duten ekimenak bultzatuko dira. Izan ere, motorrak eta teknologia berriak sartzean edota materialak (beira-zuntza eta plastikoak) eta formak (industrialak, tokiko formak kontuan hartu gabe) aldatzean, sektorea eraldatzen joan da eta bere elementu historiko asko galdu ditu. Horrela, diru-laguntzek arreta berezia jarriko dute norbanakoek eta elkarteek dituzten egurrezko ontzi tradizionalak zaintzen, gero eta gutxiago baitaude euskal portuetan.

Diru-laguntza honen bitartez, itsas ondareari lotutako elementuak babesteko, ezagutzera emateko edo horiei balioa emateko helburuarekin egingo diren inbertsioen % 50 ordaindu ahal izango da gehienez.