Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eskatuta, Covid 19-aren aurka borrokatzearekin lotura duten I+G proiektuak finantzatzeko zuzeneko dirulaguntzen baimena onetsi du Gobernu Kontseiluak.
Koronabirusari buruzko ikerketa-proiektuentzako zuzeneko dirulaguntzek Covid19-aren Aparteko Funtsaren babesa dute; funtsa Eusko Jaurlaritzak onetsi zuen, aurtengo martxoaren 24an, Euskadik bizi duen osasun- eta ekonomia-krisiaren aparteko egoerari aurre egiteko.
Honenbestez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zenbait enpresari eta agenteri zuzeneko dirulaguntza eman die, koronabirusaren aurkako borrokari buruzko oinarrizko ikerketarako eta industria-ikerketarako 14 I+G proiektu finantzatzeko, bai eta osasun-larrialdiaren ondoriozko efektu sozioekonomikoak arintzeko eta berreskuratzeko ere.
Ikerketak eginkizun erabakigarria du, besteak beste: birusa detektatzeko eta diagnostikatzeko proiektuak abian jartzea, antibiralak garatzea, babes-ekipo berriak garatzea eta txerto posibleak garatzea, bai eta osasun-arloko profesionalentzat diagnostikorako eta segimendurako tresna digitalak garatzea ere, esaterako euskal enpresetan deseskalada seguruagoa eta jasangarriagoa eduki ahal izateko datuen analitikarako eta monitorizaziorako tresnak. Eremu horretan I+Gri ematen zaion laguntzak neurri handi batean erabakiko du datozen hilotan gure gizarteak duen etorkizuna.
Pasa den martxoaren 24an, Covid 19-aren ondoriozko osasun-alarman, Eusko Jaurlaritzak onetsi zuen aparteko laguntza ematea, milioi bat eurokoa, ikerketarako eta garapenerako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko enpresa eta agenteei zuzendutako zuzeneko laguntzen bidez. Ikerketa-gaien proposamenak jaso eta aztertu ondoren, “premiaren, beharraren eta aukeraren hurrenkerari jarraikiz”, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzako Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak erabaki du Covid-19aren Aparteko Funtsa 600.000 euroko partida batekin osatzea.
Gaurko Gobernu Kontseiluan, enpresa, agente eta proiektu onuradunen zerrenda onetsi da, bai eta dirulaguntzen zenbatekoaren banaketa ere.