Gure Artea saridunak: Pello Irazu, Laida Lertxundi eta Leopoldo Zugaza

0
PRUEBA

Gure Artea sariak irabazi dituzten artisten izenak ezagutzera eman ditu gaur goizean, Donostiako San Telmo Museoan, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Sari hauek arte plastiko eta ikusizkoen arloan Euskadin ematen diren saririk garrantzitsuenak dira, eta epaimahaiak honako artista hauek hautatu ditu: Pello Irazu, ‘Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatean’; Laida Lertxundi, ‘Sormen-jarduera aitortzeko modalitatean’; eta Leopoldo Zugaza, ‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko modalitatea’. Sariak datorren udazkenean banatuko dira, Guggenheim Bilbao Museoan egingo den galan.

Mikel Onandia epaimahaiburuak azaldu ditu epaimahaiaren erabakiaren arrazoiak; hau da, Miren Arenzana, Lucia Agirre, Oier Etxeberria eta Sahatsa Jauregi epaimahaikideekin batera hartutako erabakiak. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du sari horrengatik.

Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu duenez, sari hauek Euskadiko arte plastiko eta ikusizkoen mundua ikusgarriago egiteko balio dute, eta, baita beren lana aitortzeko ere. «Sari hauen inguruan goratu behar den alderdietako bat da artearen mundutik ematen direla: euskal artearen errealitatea ezagutzen duen epaimahai espezializatu bat arduratzen da irabazleak aukeratzeaz. Gainera, azpimarratu behar dugu Gure Artea sariek gure artistek egiten duten lana aitortzeko eta gure artea ikusgarriago egiteko balio digutela», adierazi du.

‘Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatea’

Pello Irazu Mendizabal (Andoain, 1963) artista gipuzkoarrarentzat izan da aurten ‘Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatea’. Gure Artea sarien epaimahaikideen aburuz, “funtsezko artista izan da euskal arte garaikidearen panoraman” eta “joan den mendeko 80ko hamarkadan egin zen euskal eskultura garaikidearen berrikuntzaren ordezkari nagusietako bat dugu”. “Zer den artea eta zer ez den artea, horren arteko mugak gero eta lausoagoak diren testuinguru honetan, Irazuk artearen beraren esentzian jarri du arreta, eskulturaren praktikari dimentsio berri bat gehituta, eta horregatik da bere lana konplexu eta berezienetako bat euskal artearen panoraman”, jaso dute ebazpenean.

Era beren, epaimahaiak bere lana aitortu nahi izan du: “Eskultura ‒eta bere problematika‒ da Irazuren lanaren funtsa, eta tartekatu egiten du, argazki, marrazki eta pintura muralekin, bere espektrorik zabalenean: tamaina txikiko hiru dimentsioko proposamenetatik hasi eta instalazio kolosaletaraino, hibrido objektualak tartean direla”. “Erabilitako diziplinaz aparte, bere lanak oso modu zehatz batean heltzen die gure gorputzen, objektuen eta espazioen arteko erlazio anitzetan sortzen diren arazoei”, nabarmendu dute.

Sorkuntza-lana aitortzeko modalitatea’

Laida Lertxundi de Pradorentzat (Bilbo, 1981) izango da 2020ko ‘Sormen-jarduera aitortzeko modalitatea’. Donostian bizi den artista bilbotarrak bideotik eta idazketatik lan egiten du, “eta bere proposamen artistikoak instalazio eta proiekzio moduan gauzatzen ditu, nazioarteko arte bienaletan, galerietan, zine-aretoetan eta erakunde artistikoetan aurkeztuz”, ebazpenak jaso duenez. Lertxundik erreferentzia gisa hartu ditu artearen eta zinemaren historiaren formatu tradizionalak, eta horien gaineko begirada kritikoa egin du. “Bere obran etengabeak dira abangoardiako artearen korronte kontzeptualen erreferentziak, eta islatuta ageri dira bere obra osoa zeharkatzen duen minimalismo lirikoan, musika esperimentalaren erabileran edo Pop mugimenduaren berezko estrategietan”, azaldu dute epaimahaikideek.

Halaber, epaimahaiak nabarmendu du erreferente anitzak dituela artista bizkaitarrak: “Lertxundiren praktikan jatorri desberdineko erreferenteak batzen dira, bere bizi-ibilbidearen parte diren tokien aipuak, bere irudiak, testuak eta soinuak sortzeko moduen bidez eraikitako bideak. Lofoten uharteetatik Kaliforniako basamortura, euskal mendietatik igaroz, bertako paisaiek kontakizun zatikatuen mundu bat eratzen dute”.

‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko modalitatea’

Azkenik, Leopoldo Zugaza Fernandez (Durango, 1932) aukeratu dute ‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko modalitate’-an irabazle, “Euskadin kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan sustatzearen eta zabaltzearen alde egin duen ibilbide oparoan oinarrituta”. “Artearen munduarekin lotutako hainbat elkarte eta erakunderen ekintzaile, editore eta sortzaile izan da Leopoldo Zugaza, eta haren jakin-mina eta lanerako gaitasuna nekaezinak izan dira, hain zuzen ere, bere inguruko kulturaren esparruan aurkitu diren hutsuneak betetzera bultzatu dutenak. Izan ere, artea eta kultura, orokorrean, jendearengana hurbiltzera bideratutako lana dira, bai azpiegitura handietatik, bai tokiko espazio txikietatik”, jaso dute ebazpenean.

Epaimahaikideek azaldu dutenez, “kalitate maila nabarmena erakutsiz”, kultura artistikoaren balio-katearen fase guztietan hartu du parte: ikerketa, prestakuntza, sorkuntza/ekoizpena, sustapena/hedapena eta banaketa. Eta horregatik “euskal arte-sistema garaikidea ezin da ulertu Leopoldo Zugazaren ekimen desberdinen ekarpenik gabe”.

Epaimahaiaren ebazpenak nabarmentzen du, halaber, kulturari lotutako beste alderdi batzuen artean, «oso zeregin garrantzitsua izan duela arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko bidean”, eta interes berezia izan du abangoardiako euskal artisten sorkuntza zabaltzeko eta haien balioa nabarmentzeko ekimenetan.