Barakaldoko Udal Jai Batzordeak Covid-19ari aurre egin dioten bost kolektibori omenaldi hunkigarria egin die. Hiriaren txaloak jaso dituzte Babes Zibilak, Goiztirik, Barakaldoko bide-garbiketako langileak eta San Eloy eta Gurutzetako ospitaleetakoek, Coronavirusaren biktimen aldeko bost minutuko isiluneak abiarazi duen omenaldian.
«Formaz xumea izan den gaurko egintza hau, zabala izan da omendutako kolektiboei dagokienez. Hemen zaudete gaur Babes Zibila, Goiztiri, Barakaldoko bide-garbiketako langileak bai eta San Eloy eta Gurutzetako ospitaleetakoak ere. Hala ere, gure hirian birusari aurre egiten lan egiten duten kolektibo eta jendeari ere zuzentzen zaio omenaldi hau: Tokiko Poliziari, Etxeko Arreta Zerbitzuko langileei, taxilariei, udal langileei, boluntarioei, elikagaien saltokietako arduradunei, farmazialariei eta abar», adierazi du Amaia del Campo alkateak.
«Zailak izan dira azken hiru hilabeteok. Covid-19ak 90 bizilagun eraman ditu gure hirian. Nire doluminik zintzoenak haien senitarteko eta lagunei», azpimarratu du. «Udalaren jarduna birmoldatzera behartu gaitu Covid-19ak, bai eta gure zerbitzuak egokitzera ere herritar guztiei modurik seguru eta bermerik handienekin eskaini ahal izateko. Zenbait zerbitzu kendu behar izan ditugu, ordea, jende-pilaketak saihesterik ez zegoelako. Guztion osasuna jarri dugu ororen gainetik. Horregatik, gaur, Karmen egunean, ez dugu zapia jantzi», argitu du Del Campok, bide batez, Udal Jai Batzordeari eskerrak emanez urtero egiten duen lanagatik, jai programa garaiz prest edukitzeko.