Karmenetako ‘jai gabeko’ astea itxi da

0

Aurten ez dira Karmenak ospatu, eta Barakaldoko herritarrek aste horretan izan duten jarrera eredugarria izan da.  Erakundeek egindako erantzukizun- eta zuhurtasun-eskaerek barakaldarrak kontzientziatzeko balio izan dute, Covid-19 geldiarazteko pilaketak eta jarrera arduragabeak saihestu behar baitira. «Herritarren eta ostalaritzako lokalen jarrera eskertu nahi dugu, ez dugulako jarduera aipagarririk izan azken astean», adierazi du Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotzi Nerea Canterok.

Azken asteetan, herriko jaiak bertan behera utzi dituzten arren, zenbait udalerrik kaleetan pilaketak izan dituztela jakin izan dugu.  «Irudi horien aurrean, auzotarren erantzukizuna azpimarratzea erabaki genuen, eta zuhurtziaz jokatzeko deia egin genuen, Covid-19k kalean jarraitzen duelako eta guztion ardura delako horren hedapena geldiaraztea», gogorarazi du Canterok.

Deiak eragina izan duela dirudi, azken astean ez baita pilaketarik eta egoera arriskutsurik izan hirian.  Izan ere, Udal Jai Batzordeak programatutakotik kanpo ekitaldirik ez egiteko Udalak egindako deiari esker, horiek saihestu egin ziren; horregatik, Udalak eskertu egin du antolatzaileek egindako urratsa.