Bizkaiko Bide Azpiegituretako Berrikuntza Plana

0

Bizkaiko Bide Azpiegituretako Berrikuntza Plana 2020 – 2023, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak arlo horretan garatuko dituen erronkak, helburuak eta jarduerak jasotzen dituen dokumentua onartu du Foru Aldundiak. Imanol Pradalesek, foru diputatuak, aurkeztu du plana eta azaldu du lau urte hauetarako hiru lan ildo nagusi ezartzen dituela: Garraio Sistema Adimendunak (ITS), Azpiegitura Adimenduna eta Digitala eta Jasangarritasuna eta Ekonomia Zirkularra.

Lan-ildo horiek bat datoz Aldundiak foru errepideen sarearen arduraduna den aldetik datozen urteetan aurre egingo dien erronkekin. Erronka horiek, halaber,  bateragarriak dira mugikortasunaren, jasangarritasunaren, teknologiaren eta azpiegituren kudeaketa eraginkorraren arloko joera globalekin. Erronka horien artean, besteak beste, honako hauek identifikatu ditu Aldundiak: ibilgailuaren eta azpiegituraren arteko automatizaziorako eta konektibitaterako trantsizio egokia bultzatzea; foru bideen sistemaren kudeaketan berrikuntzaren kultura sustatzea; foru bideen sistemaren bilakaeraren bidez Lurraldeko pertsonen bizitza hobetzea; eta azpiegituren bizi-zikloa ikuspegi jasangarri batetik kudeatzea, berrikuntzaren eta ekonomia zirkularraren bidez.

Plan hori Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako  Sailak egin du eta hogeita hamar bat zentro zientifiko-teknologikoren, unibertsitateren eta hainbat sektoretako enpresen ekarpenak jaso ditu, hala nola ingeniaritzakoak, eraikuntzakoak, logistikakoak eta telekomunikazioetakoak. Horrela, planaren aurkezpenean, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia azpimarratu du Bizkaia erreferentziazko lurraldea izan dadin bide-sarearen kudeaketa eraginkorragoa eta iraunkorragoa ahalbidetuko duten eta erabiltzaileei segurtasun eta erosotasun handiagoa emango dien neurri berritzaileak ezartzeko orduan. Ildo horretatik, foru errepideak enpresek eta ikerketa zentroek I+G+b proiektuak baldintza errealetan probatu ahal izateko laborategi bihurtuko direla azpimarratu du.

Halaber, bide-kudeaketan proiektu berritzaileak garatzen laguntzeko, Foru Aldundiak urtean milioi bat euroko dirulaguntza lerro bat onartu du. Zenbateko hori Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 2020tik 2023ra Bide Azpiegituretako Berrikuntza Planarekin lotutako ekintzak gauzatzeko konprometitu dituen 25 milioi euroen barruan dago.