‘Dena hasten da liburu-dendan’ kanpaina

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ‘Dena hasten da liburu-dendan’- #DenaHastenDaLiburudendan kanpaina jarri du abian, atzeratutako Liburuaren Egunarekin bat eginez,. Ekimen honek Estatu osoan martxan jarritako ‘Todo Empieza en una Librería’ kanpainarekin bat egiten du, eta herritarrei liburu-dendetara itzultzeko gonbita luzatzen die. Kanpaina Liburu Ganberarekin, Editoreen Gremioarekin eta Euskal Editoreen Elkartearekin batera bultzatu da, eta protagonistak liburu-saltzaileak dira.

Gaur ospatzen den Liburuaren Egunaren ospakizuna ardatz duen kanpaina honen bidez, euskal liburu-denden arduradunek irakurtzeko eta liburu-dendetara itzultzeko gonbidapena egiten dute, euskal egileen lanak irakurriz. Ekimen honek sektore osoa ordezkatu nahi badu ere, honako hauek izan dira aurpegia jarri diotenak: Rosa Tapia, Donostiako Zubieta liburu-dendaren izenean; Javier Cámara, Bilboko Cámara liburu-dendatik; Fernando Fernandez, Bilboko Etxean liburu-dendaren izenean; Naia Hernandez, Bilboko Sopa de Sapo liburu-dendaren izenean; Gonzalo Villate, Gasteizko Anegón liburu-dendatik; Elena Recalde, Donostiako Lagun liburu-dendatik; Ziortza Pereira, Elkar liburu-denden izenean; Daniel González, Gasteizko Ayala liburu-denda ordezkatuz; Patricia Joaquín, Bilboko Campuseko liburu-dendaren izenean; eta Ainhoa Sánchez, Bilboko ArleKin liburu-denda ordezkatuz. 10 pertsona horiek Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Toti Martinez de Lezea, Galder Perez, Seve Calleja, Pedro Ugarte, Eider Rodriguez, Asizko Urmeneta, Edurne Portela eta Miren Agur Meaberen lanen hasierako pasarteak irakurri dituzte. Ekimenaren helburua da, funtsean, irakurzaletasuna eta liburu-denden lana aldarrikatzea, liburuek ezagutza, kultura eta gozamena eskaintzeko duten balioa nabarmenduz.

Kanpaina uztailaren 13tik garatzen ari da liburu-dendetan eta sare sozialetan.