Jose Andres, Basque Culinary World Prize saria

0

Jose Andres chefak 2020ko Basque Culinary World Prize saria irabazi du, gastronomiatik abiatuz COVID-19ak eragindako pandemiari erantzuteagatik. Jose Andresek argi eta sendo islatzen du nazioarteko sukaldaritzaren inplikazioa COVID-19aren garaian. Krisiaren aurrean jarduteko erakutsi duen indarra, azkartasuna eta eraginkortasuna, gainera, inspirazio iturri izan dira hainbat jardueratan parte hartu duten eta sektorea suspertzera bideratutako programak abian jarri dituzten profesionalen artean.

Salbuespenezko egoeraren erdian, BCWPk irabazle bat eta 10 aipamen berezi ezagutarazi ditu gaur, gastronomiak duen balioa aitortuz, ez bakarrik ukitutako sektore gisa, baita egungo kontingentziak eskatzen duen berreraikuntzan inplikatutako sektore gisa ere.

Ildo horretan, pandemiaren ondorioak arintzen saiatu diren sukaldariek egin dituzten lanak goraipatu nahi izan dira; lan horien artean: elikagaien premia handitzen eta handitzen ari zenean, elikagaiok eskuragarri jartzea; testuinguru erronkatsuetan sukalde solidarioak gidatzea; ekoizle txikiei eragiten dieten hornikuntza kateak berrezartzea; sukaldaritzako bertako langileei laguntzak ematea, esaterako, gaur egun hainbeste lekutan tabernak eta jatetxeak itxi izanaren ondorioak jasaten dituztenei laguntzea. Edo, besterik gabe, lankidetzan eta erantzukizunean eredugarri izatea.

Hori dela eta, Jose Andres saritzeaz gain, epaimahaiak 10 chefen lana aitortu nahi izan du, 10 aipamen berezi eginez: Mariana Aleixo, Rio de Janeiroko favela handienean Mare de Sabores-ren bidez egindako lanagatik; Elijah Amoo Addo, Ghanan Food for All Africa-ren bidez are gehiago ahalegintzeagatik; Greg Baxtrom, New Yorkeko gremio eta asistentzia bulkaden buru izateagatik; Simon Boyle, Londresen Brigade-ren bidez talde behartsuei emandako laguntzagatik; Tracy Chang, bere sormena erabili duelako, Off Their Plate eta Restore Us-en bidez, Estatu Batuetako jatetxeen gaitasunak eta krisiak kaltetutako taldeek elikagaiak eskuratzeko duten premia konektatzeko; Ghetto Gastro kolektiboa (Jon Gray, Pierre Serrao, Lester Walker eta Malcolm Livingston chefek osatua), gastronomian aniztasuna eta arraza inklusioa handitzearen aldeko borroka gogorrean jardunez BLM protestetan sakondu besterik ez duelako egin; David Hertz, Gastromotiva elikagai banku bihurtzeagatik eta Brasil eta Mexikoko herri komunitateetan era guztietako ekimenak bideratzeagatik, non, gainera, Sukalde Solidarioak deiturikoak instalatu baitzituen; Ed Lee, Estatu Batuetan zehar sukaldaritzako langileen alde egindako lan komunitario inspiratzaileagatik; Juan Llorca, konfinamenduan gurasoei seme-alaben elikaduran laguntzeagatik; eta Nicole Pisani, boluntarioen sare baten bidez elikagaiak eman baitizkie oraindik ere itxita dauden eskola kantinetan jasotzen dutenetik elikatzen diren gazteei.

Jose Andresek, World Central Kitchen (WCK) erakundearen bidez, inoiz ez bezala mobilizatu ditu sukaldaritza munduko profesionalak, eta mobilizazio horretan erabakigarria izan da tokiko lidergoekin batera lankidetzan eta kosorkuntzan jardun izana. WCK-k paper garrantzitsua bete du larrialdi egoera desberdinetan; horietan bat, COVID-19arena. Martxoan pandemia gogor jotzen hasi zenetik, Jose Andresek World Central Kitchen aktibatu zuen, ez bakarrik Estatu Batuetako hirietan, baita Espainian ere. Pandemiak iraun duen bitartean, bistan da erakundea hazi egin dela, eboluzionatuz joan dela eta sukaldarien arteko lankidetzarako gune global bat bilakatu dela. Horrek inoiz ez bezala sendotu du sukaldaritzatik abiatutako kohesioa, dinamizazioa eta laguntzaren antolaketa.