Inspira proiektuak neskatoen artean zientzien arloetako ikasketak egiteko gogoa piztu nahi du

0

Bizkaiko Aldundiak berriz ere laguntza emango dio Inspira proiektuari. Horren helburua Lehen Hezkuntzako neskatoen artean zientzia eta teknologiarako bokazioak piztea da.

Deustuko Unibertsitateak prestatu eta bultzatutako ekimen honen helburua da neskatoen artean zientzia eta teknologiarako bokazioak piztea sentsibilizazioko eta orientazioko ekintzen bitartez; ekintza horiek ikerketa, zientzia eta teknologian adituak diren emakume profesionalek eskainiko dituzte. Lehen Hezkuntzako ikasleen artean STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritzak, Artea eta Matematikak) ikasketak bultzatzeko proiektu batean taldeko mentoring-aren teknika erabiliko den lehenengo aldia izango da.

2016-17 ikasturtean abian jarri zenetik 7.619 neskatok hartu dute parte ekimenean. Joan den ikasturtean (2019-20) 171 mentore aritu ziren Bizkaiko 50 ikastetxetan.

Mentoreek neskato taldeekin egiten dituzten saioetan honako gai hauek izan dituzte hizpide: lanari buruzko ideiak, estereotipoak, emakumeak historian, emakumeak eta zientzia, emakumeak egun duen irudia, eta miresmena merezi duten emakumeak.

Teresa Laespada diputatuak gogorarazi du «milaka urteko eraikuntza sozial matxista baten emaitza» dugula gure artean, zeinak «kideen erdia, emakumeak, ilunpean eta espazio publikoetatik urrun utzi dituen».

«Hori ere gertatzen da unibertsitatean, ikerketan eta ezagutzan. Herri-imajinarioan, aurrerapen zientifiko handiak gizonezkoei lotzen zaizkie. Alabaina, emakume zientzialariak ere badaude, eta beren gizonezko kideen aintzatespen bera merezi dute. Neskek jakin behar dute zientzialari edo teknologo izatea eskura duten aukera ere dela», gehitu du.

Halaber, hauxe azpimarratu du: «gizarte gisa, ezin dugu talentu guzti hori alferrik galdu, hots, etorkizuneko zientzialari eta teknologoen talentua; horregatik, hain zuzen ere, lagundu eta sustatu behar dira haien bokazioak neskatilak direnetik».